• ES
  • EU
  • EN


[Argitalpenak]

NUP-ek argitaratutako liburu batek Espainian krisi ekonomikoaren testuinguruan aisiako familia gastuak izan duen bilakaera aztertzen du

Vidal Díaz de Rada Iguzquiza Unibertsitateko Soziologia Saileko irakasleak koordinatu du argitalpena

zoomArgitalpenean parte hartu duten irakasleak. Ezkerretik eskuinera, Irantzu Recalde Esnoz, Elena Abascal Fernández, Vidal Díaz de Rada Igúzquiza, Ernesto Pérez Esáin eta Idoia Portilla Manjón.

Argitalpenean parte hartu duten irakasleak. Ezkerretik eskuinera, Irantzu Recalde Esnoz, Elena Abascal Fernández, Vidal Díaz de Rada Igúzquiza, Ernesto Pérez Esáin eta Idoia Portilla Manjón.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) argitaratu berri du “Fragmentación en los consumos de ocio en un contexto de crisis económica” liburua. Vidal Díaz de Rada Iguzquiza Soziologia Saileko irakasleak koordinatu du, eta Espainiako familien gastuak krisi ekonomikoa hasi zenetik izan duen bilakaera ikertzen eta aztertzen du. Liburua osatzen duten kapituluen egileak, Díaz de Rada irakasleaz gainera, NUPeko irakasle hauek dira: Elena Abascal Fernández, Peio Ayerdi Echeverri, Ernesto Pérez Esáin, Irantzu Recalde Esnoz eta  Idoia Portilla Manjón Nafarroako Unibertsitateko ikertzailea. Ildefonso Grande Esteban NUPeko irakasleak idatzi du hitzaurrea.

Argitaratutako ikerketak bi helburu nagusi ditu: lehena, aisiako gastuen aldaketa aztertzea —teorian "oinarrizko beharrak" asebetetzearekin lotura txikiena dutenak— krisi ekonomikoaren testuinguru batean. Bigarrena, aisiako ohituren eta lau aldagai motaren (familiaren bizi-zikloa, gizarte maila, aldagai soziodemografikoak eta sozioekonomikoak) arteko lotura ezagutzea horiek kontsumitzailearen azken jokabidean duten eragiteko gaitasuna zehazteko. Datuak biltzeko, ikerketa zenbait adierazletan oinarritu da, hala nola kontsumitzailearen konfiantza indizeak eta "Familia Aurrekontuen Inkesta", 2006tik 2014ra bitarteko datuak hartuta.

Emaitzek erakusten dute, Díaz de Radaren arabera, “familian mendekotasuna duten kideak egotea dela aldagai garrantzitsuena aztertutako gastu kontzeptuak azaltzeko, gizarte mailaren eta bizikidetza egoeraren aurretik. Eragin maila txikiagoa dute familian dauden landunen kopuruak eta familia buruaren ikasketa mailak. Familiaren bizi-zikloak are azalpen txikiagoa ematen du, baina familiaren diru-sarreren maila baino handiagoa da”, azaldu du. Egiaztatu da, halaber, irakasleak aipatu duenez, “aisia gastuek murrizketa handia izan dutela, 497 euroko jaitsiera izan baitute 2006tik 2014ra bitartean (2.083 eurotik 1.586 eurora). Jaitsiera handiagoa izan du hotel-kafe-jatetxeetako gastuak, 3.014 eurotik 1.994 eurora jaitsi baita. Bi kontzeptu horiek gastu osoaren % 17 ziren 2006an, baina orain gastu osoaren % 14 dira”, azaldu du.

Vidal Díaz de Radaren curriculum laburra

Vidal Díaz de Rada Soziologian lizentziaduna eta doktorea eta Merkatu Ikerketa eta Tekniketan lizentziaduna da. Ehundik gora lan argitaratu ditu, batez ere kontsumoaren metodologiari eta soziologiari buruzkoak, eta bere azken argitalpen aipagarrienen artean daude titulu hauek: “Comparación de métodos de campo en la encuesta” (REIS, 2017), “Encuestas presenciales con cuestionario de papel y ordenador” (Papers, 2018), “Principales motivos por los que se come fuera del hogar “(RES, 2017) y “Gasto alimentario fuera del hogar y crisis económica” (ICARIA, 2017). Vidal Díaz de Rada Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Saileko irakaslea da 1994tik.