• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Gaur izan da 2017-18 ikasturtearen inaugurazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan, hasiera-ekitaldiarekin

Alfonso Carlosenak nabarmendu du Nafarroako Gobernuarekin lortutako akordioak Urte Anitzeko Finantzaketa Hitzarmen bat sinatzea ahalbidetuko duela

Dokumentazio gehigarria:

 
zoomAlfonso Carlosena errektorea, hitzaldia ematen.

Alfonso Carlosena errektorea, hitzaldia ematen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ostiral honetan, irailak 8, ospatu du 2017-2018 ikasturtearen hasiera-ekitaldia. Bertan, Alfonso Carlosena errektoreak Unibertsitatearen gizarte funtzioa nabarmendu du, bai eta NUPek etorkizuneko erronkei aurre egiteko gauzatu beharreko eraldaketak ere. Errektoreak eta Uxue Barkos Berruezo Nafarroako Gobernuko lehendakariak zuzendu dute ekitaldia. Foru Komunitateko agintari nagusiak eta Unibertsitateko komunitateko kideak ere bertan izan dira. Hasierako ikasgaiaren izenburua “Denbora, oroimena, historia” da, eta Isabel Ostolaza Elizondo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Geografia eta Historia Saileko Zientzia eta Teknika Historiografikoetako katedradunak irakurri du.

Alfonso Carlosena errektoreak bere hitzaldian adierazi du beharrezkoa dela Unibertsitatearen funtsezko lana eraldatzea, bere gizarte funtzioa hobeki betetzeko. Aldaketa horiek gauzatze bidean daude, “irakasleen politikaren, sailen berregituraketaren, titulazioen mapa berriaren edo ikerketaren itun eta egitura berrien bidez”.

Carlosenak baieztatu duenez, eraldaketa horren xedea izan behar da Nafarroako Foru Erkidegoan ezin hobeki inbrikatuta egongo den eta nazio mailan eta nazioartean posizio hobea edukiko duen unibertsitate bat. Horretarako, errektoreak adibide moduan aipatu du NUP Eskualde Garapenerako Estrategiarekin irmoki lerrokatu dela, itunen bidez Navarrabiomed, IDISNA edo Aditech-ekin parte hartzen duela, ikasketa eskaintza berri bat diseinatzen ari dela, eta Lanbide Heziketarekin hurbilketa bat bilatzen duela.

Alde horretatik, errektoreak bere poza adierazi du Nafarroako Gobernuarekin berriki hartutako akordioarengatik; izan ere, hari esker, Urte Anitzeko Finantzaketa Hitzarmen bat sinatuko da laster, eta, bere iritzian, tresna horrek Unibertsitatearen alderdi guztiak eta gizartearentzat daukaten balioa aintzatetsiko ditu. “Erabakigarria da Gobernuak Unibertsitatearen funtzioa aintzatetsi izana, eta hori hitzarmenean gauzatzea”, gehitu du, bukatzeko.

Isabel Ostolazaren hasierako ikasgaia

zoomNUPen lanean 25 urte eman dituzten langileak.

NUPen lanean 25 urte eman dituzten langileak.

Isabel Ostolaza katedradunak, hasierako ikasgaian, bere hitzaldiari izenburua ematen zioten hiru kontzeptu handiak lotu ditu: denbora, oroimena eta historia. Hala, Greziako eta Erromako zibilizazioen eta bakoitzaren historiaren hasieraren errepasoa egin du, eta denbora kontzeptuaz eta bere alde desberdinez ere mintzatu da: astronomikoa, psikologikoa eta historikoa. Azkenik, oroimenari eta ahanzturari buruz hitz egin du, eta historialariaren ahotsak duen garrantziaz iraganeko gertakariak berreskuratzeko.

“Historia jakitea ez dela beharrezkoa badirudi ere, gertakariak hasten direnean ezin baitira geldiarazi —ezin da atzera egin—, eta ez baitirudi ere iragana ikasbidea denik akatsak saihesteko, harrigarriro, krisi garaietan —eta mundu mailako krisi politiko eta ekonomiko larri batean murgilduta gaude oraindik— gogoeta fasean sartzen gara”, aipatu du bere hitzaldia bukatzeko.

Hasiera-ekitaldian, 2017ko NUP Alumni Nabarmenaren II. Saria eman diote Francisco Fernández Nistal NUPeko soziologo Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteko (ADACEN) kudeatzaileari. Halaber, aurten lehenbizikoz abian jarri den NUPeko Entitate Nabarmenaren I. Saria Ingeteam enpresari eman diote.

Era berean, omenaldia egin zaie erakundean zerbitzu ematen 25 urte igaro dituzten 37 pertsonei, Alfonso Carlosenari haien artean, eta 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitartean erretiroa hartu duten sei langileei (haietatik bat AZLetakoa, eta beste bostak, irakasleak).

Bertaratu diren agintariak

zoomIsabel Ostolaza katedradunak irakurri du hasierako ikasgaia.

Isabel Ostolaza katedradunak irakurri du hasierako ikasgaia.

Errektoreaz eta Nafarroako Gobernuko lehendakariaz gainera, bertan izan dira Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; eta Carmen Alba Orduna Gobernuaren ordezkaria Nafarroan. Haiekin batera bertaratu dira Nafarroako Gobernuaren bi lehendakariordeak, Manu Ayerdi Olaizola (Garapen Ekonomikokoa) eta Miguel Laparra Navarro (Gizarte Eskubideetakoa), eta kontseilari hauek: Mikel Aranburu Urtasun (Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria), María Solana Arana (Hezkuntzako kontseilaria) eta Ana Herrera Isasi (Kulturako, Kiroleko eta Gazteriako kontseilaria).

Agintarien artean, bertan izan da Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea ere. Bestalde, ekitaldira joandako beste batzuk izan dira Joaquín Galve Sauras Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko burua, José Antonio Sánchez Sánchez-Villares Nafarroako Goi Fiskaltzako fiskala, Esther Erice Martínez Nafarroako Probintzia Auzitegiko burua, eta Carlos Aparicio Azcárraga Nafarroako jeneral komandante militarra.

Talde politikoetako diputatu, senatari eta parlamentarioez, Iruñeko zinegotziez eta erakunde ekonomiko eta sozialetako ordezkariez gainera, Juan Cruz Alli Aranguren Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia ere bertaratu da. Guztira, 350 bat pertsona izan dira ekitaldian.

Irakaskuntzaren esparrutik, bertan izan dira Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko aurreko errektorea, Alfonso Sánchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea, José Luis Martín González EHUko errektoreordea, eta Covadonga Romero Blázquez UNEDeko Iruñeko idazkaria.

Segizio Akademikoaren desfilea

Ekitaldia (bideoa) 12:00etan hasi da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Hasteko, segizio akademikoaren desfilea izan da, aurretik Idoya Labayen Goñi (Osasun Zientzien Fakultateko irakaslea) banderaduna zihoala. Irakasle togadunen taldea aretoan sartu da Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioko hari-kuarteto batek “Erresuma Sartzeko Martxa” (anonimoa, XVIII. mendea) jotzen zuen bitartean. Gero, Inés Olaizola Nogales Unibertsitateko idazkari nagusiak 2016-2017 ikasturteari dagokion oroitidazkiaren laburpena irakurri du.

Azkenik, Uxue Barkos Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariak bere hitzaldia irakurri du, eta hasiera ofiziala eman dio 2017-2018 ikasturteari.

Ekitaldiaren alderdi musikala Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioaren eskutik egin da, eta Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatzaren eskutik, Juan Gaínza Berro zuzenduta. Pieza hauek interpretatu dituzte: “Kanona re maiorrean”, Johann Pachelbelena; “Sommarpsalm”, Waldeman Ahlénena; Johann Sebastian Bachen aria bat; jatorri afrikarreko “Kwangena thina bo” abestia; eta “Gaudeamus igitur” ereserkia.

Galeria de fotos


2017-18ko ikasturtearen hasiera-ekitaldia

  • Ekitaldiaren irudi bat.
  • Erretiroa hartu duten NUPeko langileak.
  • NUPeko irakasle berriak.
  • Errektorea, Francisco Fernández Nistal alumni nabarmenarekin.

Ikusi argazkiak