• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP eta El Salvadorreko Don Bosco Unibertsitatea elkarlanean ari dira náhuat-pipil hizkuntza gutxiagotu indigena biziberritzeko

Nafarroako erakundeko Irakasletza graduetako zenbait ikaslek praktikak egin dituzte udako hiru hilabeteetan eskualdeko haur eskola batean

zoomEzkerretik eskuinera: Alfredo Asiáin, Jorge Lemus, Maite López Flamarique (NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko irakaslea), Peio Goiatxe eta Txepillo Txibite (biak El Salvador Elkartasuneko GKEEkoak).

Ezkerretik eskuinera: Alfredo Asiáin, Jorge Lemus, Maite López Flamarique (NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko irakaslea), Peio Goiatxe eta Txepillo Txibite (biak El Salvador Elkartasuneko GKEEkoak).

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta El Salvadorreko Don Bosco Unibertsitatea (UDB) elkarlanean ari dira náhuat-pipil hizkuntza gutxiagotu indigena biziberritzeko proiektu batean. Hau da Erdialdeko Amerikako herri honetako hizkuntza indigena bakarra, eta elkarlan honen ondorioz, Irakasletza graduetako bi ikaslek, urtero, udako hiru hilabeteetan praktikak egiten ahal dituzte “Cuna náhuat” espainiera-náhuat haur eskola elebidunean. Haur eskola hau Sonsonate departamenduko Santo Domingo de Guzmán herrian dago. Uda honetan, Nora Ausín eta Leyre Equiza ikasleak joan dira 3 eta 5 urte arteko haurrei zuzentzen zaien aipatu eskola hartara lan egitera. Han, hizkuntza indigena hartan hitz egiten duten emakume pipildunek lan egiten dute, irakasle tituludunekin batera (hauek ez dute pipil hizkuntza hitz egiten).

NUPen eta UDBren arteko lankidetza 2011. urtean hasi zen, orduan izenpetu zutelako horretarako esparru hitzarmen bat. Bere aldetik Don Bosco Unibertsitatea 2008. urtean hasi zen proiektu hau modu ofizialean garatzen, 2003an pipil indiarren náhuat hizkuntza biziberritzeko eskola programa bat aurrera ateratzen hasi zen arren, hizkuntza hori, belaunaldien arteko transmisio faltarengatik, desagertzeko arriskuan zegoelako. Bultzatzaile nagusia Erdialdeko Amerikako unibertsitate hartako Jorge Lemus irakaslea izan zen. Lemus maiatzean egon zen NUPen, bi erakundeen arteko lankidetza sustatzen jarraitzeko eta "El pueblo pipil y su lengua. De vuelta a la vida" ("Pipil herria eta bere hizkuntza bizirik daude berriro") bere liburua aurkezteko, Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedraren bigarren hitzaldi zikloaren barruan, zeinak bizitasun etnolinguistikoa eta hizkuntzen eta hizkuntza eta kultura agerpenen biziberritzea eduki baitzituen ardatz.

Lankidetza irakaskuntzan eta ikerketan

Nazioartekotzeko Errektoreordetzaren Prestakuntza Solidariorako Programaren baitan egindako hezkuntza praktikez gain, bi erakundeen arteko lankidetzak ikerketa eta irakasleen mugikortasuna eta trukea ere aintzat hartzen ditu. Ikerketa NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailaren mendeko Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboaren bidez gauzatzen da, eta bigarrena Erasmus mugikortasun programaren bidez. Azken horri esker, El Salvadorreko Mario Juárez, José Antonio Rivera eta Gorety Campos doktoregaiak beren doktoretza tesien proiektuak aurrera eramaten ari dira.

Irakasleei dagokienez, Lesmus ez ezik, duela gutxi egon dira NUPen Ingrid Martínez eta Héctor Raúl Grenni (denak Don Bosco Unibertsitateko irakasleak). Laster Alfredo Asiáinek, NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko irakasleak, ikerketa eta irakaskuntza egonaldi bat egingo du El Salvadorren. Beste alde batetik, bisita hartan Iruñeko El Salvador Elkartasuna GGKEarekin harremanak egin ziren, eta erakunde horrek ere parte hartuko du proiektuan.

Náhuat hizkuntza biziberritzeko plana

Don Bosco Unibertsitateak bultzatzen duen eta Lemus irakasleak zuzentzen duen biziberritze planak bost ildo estrategiko dauzka: nortasun kulturala indartzea, corpus linguistiko bat sortzea, hezkuntza, orokorrean, eta náhuat hizkuntzan emandako hezkuntza, bereziki, bultzatzea, El Salvador Errepublikako kultura eta hezkuntzari buruzko legeetan aldaketak sartzea eta hizkuntza biziberritzeko plana aprobetxatzea haurren gizarte ongizatea hobetzeko. Biziberritze plan honek, gaur egun, eskola sare bat dauka Sonsonate eskualdean, eta ia hiru mila haur daude matrikulatuta náhuat hizkuntzaren irakasgaian.

NUPekiko lankidetza, lehen ere esan den bezala, 2011ko abuztuan hasi zen. Orduan, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekano María Jesús Goicoecheak eta Alfredo Asiáin irakasleak kultura ondare materiagabeari buruzko ikastaro bat eman zuten Don Bosco Unibertsitatearen San Salvadorreko campusean, eta biziberritzeko plana gertu-gertutik ezagutzeko modua eduki zuten.

2012. urtetik aurrera, urtero, Irakasletza graduko bi ikaslek egin izan dituzte praktikak “Cuna náhuat” eskolan. Hauek izan dira: Mª Alexandra Zuluaga eta Jaione Elizagoien (2012/13); Garazi Igal eta Idoia Villacampa (2013/14); Amaiur Martínez eta Elaia Ullate (2014/15); eta Aitziber Leoz eta Begoña Vidaurre (2015/16). Praktika hauek eginkizun bikoitza dute: alde batetik, “Cuna náhuat” eskolako ikasgela lanean laguntzea, haurrentzako jarduera eta proiektuekin; eta helduen alfabetatze prozesu bat abian jartzea, Santo Domingo de Guzmán herriko náhuat-pipil hizkuntzako hiztunentzako.