• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Francisco Fernández Nistal soziologoari eman dio Alumni Nabarmenaren II. Saria

Sariak aitortu egiten du ADACENeko zuzendari nagusi den NUPeko lizentziadun horren ibilbide akademiko eta profesionala

zoomFrancisco Fernández Nistal, Alumni Nabarmenaren II. Sariaren irabazlea.

Francisco Fernández Nistal, Alumni Nabarmenaren II. Sariaren irabazlea.

NUPeko Alumni Nabarmenaren II. Saria Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako saria da, bertako ikasle ohiek esparru batean edo bestean egin duten ibilbidea aitortzeko. Aurtengo sariduna Francisco Fernández Nistal (Colmar, Frantzia, 1973) izan da, 1995ean Soziologian lizentziaduna NUPen eta gaur egungo ADACENeko (Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkartea) zuzendari nagusia. Erakunde horrek 53 langile ditu, eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, hala nola egoitza, eguneko zentroa, errehabilitazio anbulatorioa, eta kaltetuentzako eta beren senitarteentzako laguntza.

NUPeko lehenengo promozioan Soziologia egin eta lanbide esperientzia eskuratu eta gero, Francisco Fernández nazioarteko enpresen kudeaketan espezializatu zen Georgetowngo Unibertsitatean (Washington DC, Estatu Batuak). Ondoren, Bizkaiko ESEUNE Business School zentrora joan zen MBA-Executive bat egitera, eta, gero, giza baliabideei, taldeen motibazioari, komunikazioari eta lidergoari buruzko graduondo bat egin zuen London School of Economics ikastegian (Erresuma Batua).

Fernández Rehub Health SL “start-up” enpresako buru da, zeinak errehabilitaziorako konponbide robotikoak merkaturatzen jarduten duen, eta gizartean eragina duen teknologia sustatzeko Davintsi elkartearen sortzailea ere bada. Horrez gain, eta ADACENen egiten duen lanaz bestalde, bere lanbidean gizarte erantzukizun korporatiboko ekintzak gauzatzen ditu, baita ere, zaharkitzearen erronkarekin lotuta. Sentsibilizazioaren esparruan, zenbait kanpaina diseinatu ditu trafiko istripuei aurrea hartzeko, eta horiengatik sariak irabazi ditu, esaterako Nafarroako Gobernuaren “Sari Berezia” eta Foruzaingoaren “Ohorezko Metopa”.

Sariduna, gainera, CERMINeko (Desgaitasuna duten Pertsonen Erakunde Ordezkarien Nafarroako Batzordea) lehendakariordea da, baita Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluko kontseilukidea eta Kalte Zerebralaren Espainiako Federazioko kidea ere.

Saria eta epaimahaia

zoomAlumni Nabarmenaren Sariaren epaimahaia. Ezkerretik eskuinera, Joaquín Ansa, Nekane Oroz, Ainhoa Aznárez, Cristina Bayona, Idoya Zabaleta eta Iosune Pascual.

Alumni Nabarmenaren Sariaren epaimahaia. Ezkerretik eskuinera, Joaquín Ansa, Nekane Oroz, Ainhoa Aznárez, Cristina Bayona, Idoya Zabaleta eta Iosune Pascual.

NUP Alumni Nabarmenaren II. Sariaren helburua da unibertsitate komunitateari, bereziki, eta gizarteari, orokorki, ezagutzera ematea zer garrantzi duen unibertsitate prestakuntzak egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean, eta, beraz, nolakoa den erakunde honetan egiten den inbertsio publikoaren onura.

Ekimen honen beste helburu bat da NUPen eta bere ikasle ohien arteko harremana bultzatzea, eta denok instituzio bereko parte garelako sentimendua sustatzea. Sari hau lortzen duten pertsonen adibideak balio izango du beren etorkizun profesionalaren kezka daukaten ikasleen pizgarri izateko, baita Unibertsitateak etorkizun horretan jokatzen duen papera nabarmentzeko ere.

Sariak ez du diru-zuzkidurarik, eta irailaren 8an emango da, ostiralean, Unibertsitatearen 2017-2018 ikasturtearen hasiera ekitaldia kari. Aurrerakoan, saritua adiskide eta ikasle ohien A3U programako ohorezko kidea izango da. Halaber, NUPen irakaskuntza, ikerketa edo zabalkunde jardueraren batera parte hartzera gonbidatuko dute.

Saria eman duen epaimahaiaren burua Cristina Bayona Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea izan da, eta beste hauek osatu dute: Joaquín Ansa Erice NUPeko Gizarte Kontseiluko buruak, Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Iosune Pascual Azcárate Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzaileak, Nekane Oroz Bretón Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen zuzendari nagusiak, eta Idoya Zabaleta Arregui A3U programaren zuzendariak.