• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP-eko Jaime Brunet Fundazioak doktoretza tesi onenaren eta ikasketa amaierako lan onenaren urteroko sarietarako deialdia egin du

Sariek aitorpena egingo diete giza eskubideen eta garapenerako lankidetzaren alde egindako lanik nabarmenei 

zoomJoan den urteko irabazleak, errektorearekin. Irudian, ezkerrean, María Chiara Marullo Doktoretza Tesiaren Sariaren irabazlea, eta eskuinean Izaskun García, Unibertsitate Sariaren irabazlea.

Joan den urteko irabazleak, errektorearekin. Irudian, ezkerrean, María Chiara Marullo Doktoretza Tesiaren Sariaren irabazlea, eta eskuinean Izaskun García, Unibertsitate Sariaren irabazlea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egoitza duen Jaime Brunet Fundazioak Giza Eskubideen Sustapenari buruzko Doktoretza Tesi Hoberenaren II. Sarirako eta Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren IV. Unibertsitate Sarirako deialdia egin du.

Lehen kasuan, saria 2.000 euro eta lana argitaratzea izango da, eta Espainiako edozein unibertsitatetan 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 30era arteko tartean irakurritako doktoretza tesiek parte har dezakete, baldin eta bikaina edo bikain "cum laude" kalifikazioa lortu badute eta beren edukiak harreman zuzena dutenean giza eskubideekin eta haien defentsa eta sustapenarekin. Lanak aurkezteko epea heldu den urriaren 31n bukatuko da.

Bere aldetik, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzako Unibertsitate Saria Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei zuzentzen zaie. Sari hau ere 2.000 eurokoa da, eta ikasketa amaierako lanik onena aitortzen du, zeinaren edukiak zerikusia baitu pertsonen eskubideen defentsa eta babesarekin, garapenerako lankidetzarekin eta testuinguru hauskorretan dauden pertsonen egoera hobetzearekin.

Bai Jaime Brunet Doktoretza tesi onenaren II. Sariaren baita Jaime Brunet Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzako IV. Unibertsitate Sariaren oinarriak kontsultatzen ahal dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean.

Sari hauekin, Fundazioaren Patronatuak nahi du ikasleek interesa har dezaten giza eskubideei buruz, hau da, hauen egoerari edo babesari buruz, honen inguruko salaketak egin edo hobekuntzak proposa ditzaten, eta aldi berean, unibertsitate ikasketak bukatzen dituzten ikasleen ahaleginak saritu nahi dituzte.

Jaimen Brunet Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero Nazioarteko Sarirako deialdia egiten du, saritzeko zientzia-lan bat, literatura-lan bat edo ikus-entzunezko lan bat, edo giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Guztira, Fundazioak 1998. urtetik hamazazpi Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu; azkena 2016an Reprieve GKE britainiarrari eman dio.

Sariak Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992) filantropoari zor dio bere izena, zeinak bere ondarea oinordetzan utzi baitzuen, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.