• ES
  • EU
  • EN


[Ikasleak]

NUP-ek bere master ofizialetako 24retarako aurreinskripzioa ireki du

Epea abuztuaren 14an bukatuko da, eta onartuen zerrenda irailaren 6an argitaratuko da; matrikula, bestalde, irailaren 11 eta 12an izango da

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) abuztuaren 14ra arte (astelehena) ireki du epea 2017-2018 ikasturtean emango dituen 31 masterretatik 24rako bigarren aurreinskripzioa egiteko. Horietatik, bostek lanbide arautuetan jarduteko gaitasuna ematen dute. Aurreinskripzioa “online” egiteko aukera ere badago, Unibertsitatearen webgunearen bidez. Onartuen zerrenda irailaren 6an jarriko da jendaurrean, eta matrikula urriaren 11 eta 12an gauzatuko da.

Aurreinskripzio epe horretan eskaintzen diren 24 master ofizial horietatik, zortzi Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoari (TIIGMET) dagozkio; bost Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoari (NIGMET); lau Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateari; hiru Osasun Zientzien Fakultateari; bi Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateari, eta beste horrenbeste Zientzia Juridikoen Fakultateari.

Hain zuzen, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) master hauetarako aurreinskripzioa mantentzen du irekita: Energia Berriztagarriak: Sorkuntza Elektrikoa; Ingeniaritza Biomedikoa; Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritza; Modelizazio eta Ikerketa Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa; Informatika Ingeniaritza, eta lanbide batean aritzeko gaitzen dutenak: Telekomunikazio Ingeniaritza eta Industria Ingeniaritza.

Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren (NIGMET) kasuan, titulazio hauek eskaintzen dira: Ingurumen Nekazaritzako Biologia; Nekazaritza Ingeniaritza, lanbide batean aritzeko gaitzen duena; Kimika Sintetikoa eta Industria Kimika; Geografiari buruzko Informazio Sistemak eta Teledetekzioa, eta Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia eta Kalitatea.

Fakultateek eskaintzen dituzten masterrak

Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak lau titulu eskaintzen ditu: Gizarte Moderno Aurreratuetako Aldaketa Dinamikak; Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuak; Esku-hartze Sozialean Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletza, lanbide batean aritzeko gaitzen duena.

Osasun Zientzien Fakultatean, interesdunek hiru master hauetan eska dezakete ikaspostua: Erizaintzako Zainketen Kudeaketa; Osasun Zientzietako Ikerketa, eta Osasun Publikoa.

Gainera, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak bi masterretarako epea ireki du: Enpresen Zuzendaritza, eta Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketa (ERP). Azkenik, hauek dira Zientzia Juridikoen Fakultateak eskaintzen dituen masterrak: Abokatutzarako Sarrera, lanbide batean aritzeko gaitzen duena, eta Lan Arriskuen Prebentzioa.

Horrez gain, beste bi masterrek bi urtean behin ikaspostuak irekiko dituzte lehen ikasmailako ikasleentzat, hain zuzen Ekonomia eta Finantza Analisia (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea) eta Proiektuen Zuzendaritza (TIIGMET) masterrek. Horregatik, datorren ikasturtean, 2017-2018an alegia, ez dira eskainiko ikasle berrientzat. Proiektuen Zuzendaritzako masterrari (TIIGMET) dagokionez, ez da ikasposturik gelditzen.

Halaber, zenbait unibertsitateren artean (NUP, besteak beste) ematen diren unibertsitate arteko beste lau masterrek aurreinskripzio prozesu berekiak dauzkate beren unibertsitate koordinatzaileetan, eta Nafarroakoa ez dago horien artean. Master hauen kasua da hori: Ondare Zuzenbide Pribatua (Zientzia Juridikoen Fakultatea); Enpresen Kudeaketan, Antolaketan eta Ekonomia (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea); Ingurumen Nanoteknologia (TIIGMET), eta Osasunaren Sustapenean eta Gizarte Garapena (Osasun Zientzien Fakultatea).