• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-en “Zientzia tabernan” zabalkunde saileko bideo berriak azaltzen du mikrouhin labe bat ireki aurretik itxaron behar den edo ez

Javier Armentia eta Joaquín Sevilla fisikariek likidoak gainberotzearen arriskuaz ohartarazten dute, horrek eztanda bat sor baitezake

zoomBideoaren fotograma bat, Javier Armentia (ezk.) eta Joaquín Sevilla agertzen direla.

Bideoaren fotograma bat, Javier Armentia (ezk.) eta Joaquín Sevilla agertzen direla.

Mikrouhin labea ireki aurretik segundo batzuk itxaron behar dira?”. Hori da “Zientzia tabernan” saileko bideo berriaren izenburua, izen bereko webgunean argitaratu berri dena. Joaquín Sevilla Moróder Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jakintzaren Zabalkunderako arduradunak eta Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioko koordinatzaileak desmuntatu egin dute aipatu etxetresna elektrikoa ireki baino lehen itxaron behar delako uste okerra. Hala ere, likidoak gainberotzearen arriskuaz ohartarazten dute (100 gradu baino gehiago lortzen dutenean), horrek zenbait egoeratan eztanda sor baitezake. Hala erantzuten diete Unibertsitateko Esperientziaren Gelako ikasleek egiten dituzten galderei. Esperientziaren Gelak prestakuntza eskaintzen die 50 urte baino gehiago dituztenei, Giza eta Gizarte Zientzietan.

Ziklo honetako ikus-entzunezko piezen ezaugarri komuna da taberna batean egiten direla, kasu honetan NUPeko Arrosadiko campuseko jantokien eraikineko kafetegian. Beren azalpenetan, adituek taberna batean arruntak diren materialak eta elementuak erabiltzen dituzte, esaterako, katiluak, platerak, kopak edo kafeontziak, haiek “tabernako esperimentuak” izendatzen dituztenak egiteko. Bideoak www.cienciaenelbar.com webgunean eta YouTubeko http://www.youtube.com/user/cienciaenelbar kanalean ikusten ahal dira.

NUPek abian jarri duen ekimen hau Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta haren xede nagusia eduki zientifiko eta teknologikoak jende guztiarentzat zabaltzea da, hizkera erraz eta ulergarrian. 2014tik gaur arte argitaratu diren 32 bideoek 310.000 bisita eduki dituzte guztira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateak (KZU) bultzatzen du proiektua, eta Iruñeko Planetarioak laguntzen du. Abiapuntutzat hartzen du Zientziaren Lagunen Klubak 2013an martxan jarri zituen “Zientziaren ostegunak” (gaur egun, “Zientzia tabernan”), gai zientifikoak lasai eta lagunarteko giroan jende guztiarengana hurbiltzeko xedez sortu zen ekimena.