• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

Maitasun erromantikoak mendekotasun emozionalari eta emakumeen aurkako indarkeriari laguntzen die, genero-aditu baten arabera

NUPen irakurri duen tesian, Rut Iturbidek utopia erromantikoa aztertu du, eta hark genero-desberdintasunaren egitura iraunarazten duela ondorioztatu du

zoomRut Iturbide Rodrigo, NUPeko doktore berria.

Rut Iturbide Rodrigo, NUPeko doktore berria.

Maitasun erromantikoaren gaur egungo ereduak mendekotasun emozionalari eta emakumeen aurkako indarkeriari laguntzen die. Hala ondorioztatu du Rut Iturbide Rodrigo (Iruñea, 1978) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko Saileko irakasle eta ikertzaileak instituzio honetan irakurri duen doktoretza-tesian. “Filmetan eta fikziozko telesailetan proposatzen diren gizonen eta emakumeen arteko harreman-ereduek gure gizarteko genero-desberdintasunaren egiturari eusten diote”, adierazi du doktore berriak. Izan ere, genero-ikuspegitik aztertu ditu gizonen eta emakumeen arteko harremanak gaur egungo gizartean, “El barco” telesailari buruzko azterlan baten bidez. Bere lanak NUPeko Genero Ikerketarako Taldearen aurreko beste lan batzuen ildoari jarraitu dio.

Egungo gizarteetan, marko demokratiko batean dauden arren, praktikan egiturazko desberdintasuna izaten da gizonen eta emakumeen artean, utopia erromantikoak lagunduta, Iturbidek aipatutakoaren arabera. “Utopia erromantikoaren eraginez, esaterako, emakumeok ‘maitasunagatik’ bigarren mailara baztertzen ditugu gure karrera profesionalak, gizonek ordainsarien truke lan egiten duten bitartean, are meategietakoen moduko baldintza arriskutsuetan ere, familiaren sostengu ekonomikoa lortze aldera”, adierazi du Rut Iturbidek. María Jesús Izquierdo Benito (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) eta Patricia Amigot Leache (NUP) irakasleek zuzendu dute haren doktoretza-tesia, eta lanak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Maitasun erromantikoaren ereduak lan emozionalaren zatiketa sexuala dakar berekin. Hala, gizonengan onartu ez ezik sustatu ere egiten diren eta emakumeengan debekatzen diren emozioak daude, eta alderantziz. “Adibidez, emakumeei negar egiteko baimena eta adorea ematen zaie tristura, poza edo haserrea adieraztearren; gizonek, berriz, mugatuago dute tristurara eta/edo negarrera hurbiltzea, baina animatu egiten dituzte amorrua adieraztera, are indarkeriaren bidez ere”, aipatu du.

Maitasuna, emakumeen giltzarri

Utopia erromantiko horren ondorioak ezberdinak dira emakumeen eta gizonen kasuan, eta, autorearen iritziz, horiek lau taldetan multzoka daitezke: lehenengoa, maitasunak emakumeentzat garrantzi handiagoa izaten jarraitzen duela gizonentzat baino. “Emakumeen kasuan, maitasuna beren bizitzaren giltzarri da –Marcela Lagarde antropologoak dioen moduan–, beren nortasunaren oinarrizko euskarri bat –adierazi du Rut Iturbidek–. Gizonek, berriz, maitasuna gozatzen eta sufritzen dute, baina ez da batere funtsezkoa beren bizitzan, ez da beren gizarte-aintzatespenerako iturri nagusia, bestelako elementuak baitituzte: lana, kirola, e.a.”.

Egungo utopia erromantikoaren bigarren ondorioa da batzuek eta besteek gauza ezberdinak espero dituztela harreman batetik; oro har, esan daiteke “gizonek harremanak funtzionatzeari ematen diotela lehentasuna, eta emakumeek, ordea, hurbiltasun sentimentala espero dutela bereziki”. “Emakumeek konpromisoa nahi dute, eta gizonek, beren sozializazioa dela-eta, ez dute besteekiko hainbesteko loturarik”, erantsi du.

Gainera, eta hirugarren ondorio gisa, maitasun erromantikoaren eredu horri gizonentzako eta emakumeentzako sexualitate bereizi bat lotzen zaio. Ustez, bada gizonezkoen sexualitate-eredu hegemoniko bat, batzuentzat zein besteentzat sustatzen dena, baina, berez, “koitoan eta gizonei gozamena ematen dieten sexu-praktiketan oinarrituta dago, eta hori da telesailetan, filmetan eta telebistako iragarkietan ikusten duguna”. “Egiazki gertatzen dena sexu-eredu dual bat da. Eredu horretan, gizonek sexualitate metakorra dute, eta hori gizonezkoen estatusaren sinbolo bihurtu da beste gizon batzuen aurrean –baieztatu du–. Horixe egiazta dezakegu, esaterako, ‘El Barco’ telesailean, Mario Casas aktoreak antzezten duen Ulises pertsonaiaren kasuan. Eredu horretan, ustez, emakumeek nornahirekin izan ditzakete sexu-harremanak, baina, egiazki, lotura afektiboen barruan izan ditzaten uzten zaie”.

Autoreak aipatutakoaren arabera, eta lankide izan duen Eva Illouz soziologo eta idazlearen lanean oinarrituta, horrek guztiak maitasun-eredu horren laugarren ondorioari ematen dio bide: gizonek “ezkontza-merkatu” izenekoen gainean duten nagusitasunari. “Beraiek kontrolatzen dituzte ezkontza-merkatu horien arauak, emakumeek baino baliabide gehiago –ekonomikoak, sozialak eta sexualak– baitituzte, merkatu horietan denbora luzeagoa igarotzen baitute eta, hortaz, emakume gehiago baitituzte aukeran. Horrek azalduko luke zenbaitetan emakumeek izaten duten egiturazko mendekotasun emozionala eta gizonek haiengan gauza dezaketen indarkeria”, aipatu du.

Eredu horren aurrean, Iturbideren eta beste autore batzuen iritziz, emakumeek hiru aukera izaten dituzte. “Lehenengoa, ezkontza-merkatuak eta sexu-alorrak galdatutako betekizunetara egokitzea eta horien barruan duten posizioa onartzea; bigarrena, ‘sexualitate metakorra’ aukeratzea bizimodu burujabe gisa, boterea bide horretatik lortzen duten gizonei erantzunez eta horiek imitatuz, eta jardunbide horrek emakumeentzat dituen ondorioak beren gain hartuz; eta hirugarrena, besteen lotura-gabeziaren aurrean egokitzat jotzen dugun bakarra, norberaren lotura-gabezia handitzea; hau da, maitasuna garrantzizko elementutzat duen nortasun bat eraikitzea, baina, Elena Simón irakasle eta genero-arloko prestatzaileak dioen moduan, maitasunak geure bizitza inbaditu gabe. Nortasun hori izanez gero, beste arlo batzuk izango genituzte gizarte-aintzatespena lortzeko eta emakumeoi debekatu izan zaizkigun emozioekin konektatzearren lan egingo genuke. Hori giltzarri da ez soilik genero-indarkeriari aurrea hartzeko, baizik eta baita nork bere bizitza edukitzeko ere”, adierazi du azkenik.

Curriculum laburra

Doktoratu baino lehen, Rut Iturbide Rodrigok Zuzenbideko lizentzia eta Gizarte Laneko diploma eskuratu zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bertako Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean lan egiten du 2006az geroztik. Generoan aditua eta berdintasun-teknikaria da, eta generoari eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko gaiak ikertzen ditu, bai eta gizarte-bazterketaren eta gizarteratze-prozesuen ingurukoak ere. Zenbait erakunderentzako ikerketa-lanetan eta azterketetan parte hartu du, esaterako Iruñeko Udalarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat; Emakunde, Cáritas, FOESSA eta beste entitate batzuentzako proiektu nazionaletan aritu da; eta, nazioarteko mailan, ikerketak egin ditu Mozambiken eta Suitzan, Europako unibertsitateen arteko Daphne proiektuaren barruan.