• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

NUP-ek eta Hewlett Packard Enterprise enpresa teknologikoak hitzarmena sinatu dute ikasketen amaierako lanen tutoretzarako

Onuradunak Informatika Ingeniaritzako eta Telekomunikazio Ingeniaritzako graduko eta masterreko ikasleak izango dira

zoomEzkerretik eskuinera: Rafael Rodríguez Trías, Marta Martín (BSM), Alfonso Carlosena, Jesús Carlos Fernández, Alberto Roncal, Ramón Gonzalo eta Marta Martín (Teknologia Behatokia), NUPen.

Ezkerretik eskuinera: Rafael Rodríguez Trías, Marta Martín (BSM), Alfonso Carlosena, Jesús Carlos Fernández, Alberto Roncal, Ramón Gonzalo eta Marta Martín (Teknologia Behatokia), NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Hewlett Packard Enterprise enpresa teknologikoak hitzarmena sinatu dute Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) ikasleek gradu eta master amaierako lanak estatubatuar multinazionalaren tutoretzapean egin ahal izateko. Hitzarmen hau Informatika Ingeniaritzako eta Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako graduetako eta Informatika Ingeniaritzako eta Telekomunikazio Ingeniaritzako masterretako ikasleei dago zuzenduta.

Hitzarmena berretsi egin dute Ramón Gonzalo Garcíak (NUPeko Ikerketako errektoreordeak) eta Miguel Ángel López Rodrigok (Hewlett Packard Enterprise taldeko Hewlett Packard Customer Delivery Services enpresako zuzendari nagusiak), eta, haren arabera, enpresa teknologiko horrek lankidetzan jardungo du Unibertsitatearekin ikasketen amaierako eta master amaierako lanen tutoretza-programa antolatzen eta koordinatzen. Horretarako, bi tutorekide izango dira lan horietako bakoitzarentzat: bata enpresakoa, eta bestea, akademikoa, Unibertsitatekoa, eta elkarrekin harremanetan egongo dira ikasleak modu egokian egin dezan aurrera.

Hitzarmenak ezarritakoaren arabera, NUPek aukeratuko du zer ikasle arituko diren multinazionaleko profesionalen tutoretzapean, publizitate-, berdintasun-, objektibotasun- eta merezimendu-printzipioetan oinarritutako deialdi baten bidez. Hautaketarako, espedienteak aztertzeaz gain, Unibertsitateko eta Hewlett Packard Enterpriseko arduradunek aukera izango dute izangaiei elkarrizketak egiteko. Nolanahi ere, aipatutako hitzarmenak adierazten du masterreko ikasleek lehentasuna izango dutela graduko ikasleen aurretik.

Lanorduak

Informatika Ingeniaritzako graduari 12 kredituko gradu amaierako lana dagokio, 300 orduko lanaren baliokidea. Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako graduaren kasuan, karrerako azken irakasgai horren irakaskuntza-karga 18 kreditukoa da, hau da, 450 lanordukoa.

zoomRafael Rodríguez Trías (ezk.) eta Jesús Carlos Fernández, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) ikasleen aurrean eginiko aurkezpenean.

Rafael Rodríguez Trías (ezk.) eta Jesús Carlos Fernández, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) ikasleen aurrean eginiko aurkezpenean.

Masterren kasuan, Ingeniaritza Informatikoko masterrari dagokion ikasketen amaierako lanak 12 kreditu ditu, 300 orduko lanaren baliokidea; eta Telekomunikazio Ingeniaritzako masterrekoak, berriz, 18 kreditu ditu, hau da, 450 orduko lana. Azken graduondo horretan, ikaslea Master Amaierako Lanaren Osagarria izeneko moduluan matrikulatu ahalko da, eta, hala, guztizko arduraldia 30 kredituraino (750 orduraino) luzatuko litzateke.

Hewlett Packard Enterprise enpresako arduradunek ikasketen amaierako lanetarako ekimen hori aurkeztu diete Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) ikasleei. Era berean, enpresaren ordezkaritza Alfonso Carlosena errektorearekin, Ramón Gonzalo errektoreordearekin eta Rafael Rodríguez Trías TIIGMETeko zuzendariarekin elkartu da. Jesús Carlos Fernández (“software” zerbitzu profesionalen antolamenduko “Delivery Manager” Iberiar penintsulan, Grezian, Turkian eta Ekialde Ertainean eta Afrikan), Marta Martín (“Business service management”-BSMko soluzioen arduraduna) eta Alberto Roncal (BSMko aholkularia) izan dira ordezkaritzaren buru.

Hewlett Packard Enterprise teknologia-enpresa aitzindaria da bezeroei urrunago eta azkarrago iristea ahalbidetzen dien industrian. Industriako “portfolio” guztietan osoena dauka, esaterako hodeiko (“cloud”) zein datu-lantegietarako soluzioak edota lantokirako aplikazioak eskaintzen baititu. Hala, enpresa horrek, bere teknologiaren eta zerbitzuen bidez, mundu osoko bezeroei laguntzen die informazioaren teknologiak eraginkorragoak, emankorragoak eta seguruagoak egiten.