• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-en irakurritako tesi batek ariketa fisikoa egitean gehiegizko gorputz-tenperaturaren eragina murrizteko estrategiak aztertu ditu

Barreiadura termikoko arropa trinkoak ez du beroa lurruntzen laguntzen, Iker Leoz Jarduera Fisikoaren Zientzietako lizentziadunaren arabera

zoomIker Leoz Abaurrea, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziaduna, NUPeko doktore berria.

Iker Leoz Abaurrea, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziaduna, NUPeko doktore berria.

Gorputzaren goi-partean barreiadura termikoko arropa trinkoa erabiltzeak ez du ariketa fisikoa egitean gorputz-tenperatura murrizten laguntzen. Hala adierazi du Iker Leoz Abaurrea (Iruñea, 1988) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziadunak bere doktoretza-tesian, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurria eta Roberto Aguado Jiménez Osasun Zientzien Saileko irakasleak zuzendua. Ikerketak, “A novel strategy to reduce exercise-induced hyperthermia in different age groups” izenekoak (“Adin talde desberdinetan ariketa fisikoak eragindako hipertermia murrizteko estrategia berritzailea”), bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Giro beroetan ariketa fisikoa egiteak neke goiztiarra eragiten du, zenbait faktore fisiologiko dela eta, esaterako gorputz-tenperatura handiaren ondorioz. Horrez gain, bero handiko giro batean gorputz-tenperaturari eusteko gaitasunak behera egiten du adinarekin, eta horregatik izaten dira 60 urtetik gorako pertsonak bero-boladetan zaurgarritasun handiena agertzen dutenak.

Osasun-arazoak saihesteko eta aipatutako giro bero horietan errendimendua jaistearen aurka borrokatzeko orduan, bi estrategia nagusi daude, hots, berora moldatzea eta errehidratatzea, eta horien eraginkortasuna frogatu izan da. Azken urteotan, gainera, beste estrategia asko aztertu dira tenperatura zentralaren (edo barnekoaren) gehikuntzak murrizteko eta/edo atzeratzeko eta, hortaz, kirol-errendimendua areagotzeko. Estrategia horien artean daude, adibidez, ur hotz-hotzean bainatzea, izotz-edariak hartzea, izotz-poltsak jartzea edota arropa trinkoa erabiltzea.

Barreiadura termikoko arropa eta izerdiaren eraginkortasuna

Zehazki, barreiadura termikoko arropa trinko horren fabrikatzaileek baieztatzen dute hark onura termoerregulatzaileak eskaintzen dituela, izerdiaren eraginkortasuna hobetzearen bidez beroa barreiatzen baitu. Dena dela, gaur egun ez dago izerdi gehien botatzen duen gorputzaren goi-parteko arropa trinkoaren kasuan baieztapen horiek babesten dituen azterlanik.

Tesian, Iker Leozek aztertu egin du barreiadura termikoko arropa trinkoak baliorik duen biztanleria osasuntsu eta fisikoki aktiboak ingurumen-baldintza desberdinetan ariketa fisikoa egitean izaten dituen gorputz-tenperaturaren igoerak murrizteko estrategia gisa. “Lau ikerketa egin genituen, guztiak eragin handiko nazioarteko aldizkarietan argitaratuak: horietatik hiru, parte-hartzaile gazte eta fisikoki aktiboekin; eta laugarrena, pertsona nagusiagoekin, batez beste 66 urtekoak eta sasoi onekoak. Horiek guztiak giro termoneutraletan (20 eta 23o C artean), epeletan (25o C) eta beroetan (40o C) aritu ziren”, azaldu du Iker Leozek.

Egindako azterketek erakutsi zuten, fisikoki aktiboak diren gazteen kasuan, barreiadura termikoko arropa trinkoak ez duela inolako onura termoerregulatzailerik eskaintzen 20o C-ko tenperaturan intentsitate arineko ariketa fisikoa egitean, baina berreskuratze pasiboan zehar baliteke janzkera hori erabiltzea lagungarria izatea gorputz-tenperatura murrizteko.

Giro bero batean (40º C), eta fisikoki aktiboak diren gazteen kasuan ere, barreiadura termikoko arropa trinkoak ez zituen estres kardiobaskularra zein termoerregulatzailea arindu intentsitate arineko ariketa fisikoa egitean. Gainera, Leozek adierazitakoaren arabera, tenperatura horretan estres kardiobaskularra areagotu lezake berreskuratze aktiboan, baita oxigeno-kontsumoa eta CO2 ekoizpena handitu ere.

Bestalde, 66 urteko batez besteko adina zuten txirrindulari entrenatuen kasuan, arropa mota horrek gorputz-tenperatura areagotu zuen. Hori dela eta, Leozek gomendatu du jendeak ez dezala erabili barreiadura termikoko arropa trinkoa, hipertermiaren agerpena areagotu baitezake (gorputz-tenperatura ohiko balioen gainetik handitzea).

Esfortzu handien kasuan (tapizean ahitu arte korrika egin), egindako azterketak erakutsi zuen barreiadura termikoko arropa trinkoa erabiltzeak, aisiako korrikalarien errendimendua ez hobetzeaz gainera, hura txikiagotu ere egin zuela. Horrez gain, arropa horrek esfortzu handi baten ondoren bihotz-maiztasuna handitu dezakeela egiaztatu zen. “Aisiako korrikalariek ezagutu beharko lituzkete arropa mota horrek izan ditzakeen aurkako ondorioak”, adierazi du ikerlariak bere tesian.

Curriculum laburra

Iker Leoz Abaurreak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako titulua lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra eskuratu zuen Granadako Unibertsitatean.

2013az geroztik ikerlaria da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Sailean, eta bertan irakurri du bere doktoretza-tesia. Bere ikerketa-lanak, orain arte, batez ere aztergai izan du ariketa fisikoa egitean izaten den termoerregulazioa, eta, horri esker, aldizkari espezializatuetan lau artikulu argitaratu ditu eta bere lanak estatuko eta nazioarteko bost kongresutan aurkeztu ditu.