• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko INARBE institutuko ikertzaile batek Europako kontsumo-zuzenbidearen bilakaera eta etorkizuna aztertu ditu liburu batean

Teresa Hualderen ustez, gai horren inguruko araudia "ez da eraginkorra", "existitzen ez den kontsumitzaile-mota batean" oinarritzen baita

zoomTeresa Hualde, NUPeko ikertzailea eta zuzenbide zibileko espezialista

Teresa Hualde, NUPeko ikertzailea eta zuzenbide zibileko espezialista

Teresa Hualde Manso Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) INARBE institutuko (Institute for Advanced Research in Business and Economics) ikertzaileak Europako kontsumo-zuzenbideak 70eko hamarkadatik gaurdaino izandako bilakaera eta etorkizuna aztertu ditu liburu batean. "Agerian gelditu da gai horren inguruko araudia ez dela eraginkorra" dio liburuaren idazleak, "existitzen ez den kontsumitzaile-mota batentzat" egina baitago.

Liburuan, adierazten da ezaugarri hauek dituen kontsumitzaile ideal bat arketipotzat hartuz eraiki dela Europako kontsumo-zuzenbidea: informazio egokia jaso duen kontsumitzaile bat, nahikoa azkarra dena transmititu zaion informazioan oinarrituta zentzuzko erabakiak askatasunez hartzeko. Kontsumitzailearen irudi horretaz baliatu dira, kontsumitzaileari informazioa emanez gero merkatuak behar bezala funtzionatzen duelako ideian oinarrituz araudi oso bat eraikitzeko.

"Kontsumo-kontuetan, gatazka-maila handia dago. Kontsumitzaileek ez dakite zer eskubide ematen dizkien legeriak, enpresek ez dituzte betetzen ondasunak eta zerbitzuak merkaturatzeari dagokionez kontsumitzailea babesteko ezarri zaizkien mugak, kontsumitzaileak uzkur dira beren eskubideak asetzeko eta betearazteko borrokatzeko... Laburbilduz, kontsumitzaileak babesteko arauek helburu duten usteko berrorekatzea ez da gauzatzen ari nahi zen moduan", dio Teresa Hualdek.

Egiazko herritarren ezkutuan

“Del consumidor informado al consumidor real. El futuro del Derecho de Consumo europeo” (Kontsumitzaile informatutik egiazko kontsumitzailera. Europako kontsumo-zuzenbidearen etorkizuna) du izenburua liburuak, eta Madrilgo Dykinson argitaletxeak eman du argitara. Liburuan, gai horrek izandako bilakaera jasotzen da, zehatz-mehatz, Europako Batasuneko jurisprudentziaren bidez kontsumitzaile informatuaren irudia sortu zenetik gaur egungo araudiaren egokitasunari buruzko txostenak, Europako Batzordearen aginduz, egin diren arte.

"Zalantzarik gabe, (araudia) ez dator bat kontsumoaren arloko orain arteko legeria ororen oinarri den ideia nagusiarekin, hau da, kontsumitzailea informatua eta zentzuduna delako ideiarekin. Irudi hori indarra galtzen ari da pixkanaka-pixkanaka, eta legeak egiazko herritarren ezkutuan egin direlako ideia hasi da zabaltzen", dio Teresa Hualdek.

Ikertzailearen iritziz, "arazoa da kontsumitzailea den bezala eta jokatzen duen bezala identifikatzea, eta eredu horretan oinarrituta eraikitzea kontsumitzaileekiko harremanak arautzen dituen legeria".

Zuzenbide zibileko espezialista

Teresa Hualde Zuzenbide Zibileko irakasle titularra da 1995az geroztik NUPeko Zuzenbide Pribatuko Sailean. Unibertsitateko katedradun gisa akreditatuta dago, eta hiru espezializazio-arlotan lan egin du: gatazkak konpontzeko metodo alternatiboak, Nafarroako zuzenbide zibila, eta kontsumo-zuzenbidea eta banku-kontratazioa. Espainiako Sustapen Ministerioko Lurreko Errepide Garraioaren Batzorde Nazionaleko kide da (Bidaiari Garraioaren Atalean) aitortutako ospea duen aditu gisa, eta Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Aholkularitza Batzordekoan ere parte hartzen du, Nafarroako Gobernuaren zuzenbide-arloko kontsulta-organo batean, alegia.

Zuzenbide-adituak lan egiten duen institutuaren, INARBEren, xedea da ikertzea eragile ekonomiko eta sozialek hartzen dituzten erabakiak eta horiek enpresaren jardunean eta gizarte-ongizatean dituzten ondorioak.