• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko lau ikaslek doako aplikazio mugikor bat diseinatu dute alzheimerra duten gaixoak ariketen bidez estimulatzeko

Iosu Agudo, Daniel Cerezo, Xabier Iparraguirre eta Ainhoa Rojo Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako ikasleek tabletetan erabiltzeko egokitu dute aplikazioa

zoomEzkerretik eskuinera: Daniel Cerezo, Iosu Agudo, Eduardo Magaña (irakaslea), Ainhoa Rojo eta Xabier Iparraguirre, NUPen.

Ezkerretik eskuinera: Daniel Cerezo, Iosu Agudo, Eduardo Magaña (irakaslea), Ainhoa Rojo eta Xabier Iparraguirre, NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako Graduko azken ikasmailako lau ikaslek, Iosu Agudo Iriartek, Daniel Cerezo San Martínek, Xabier Iparraguirre Zabaletak eta Ainhoa Rojo Bonastrek web-aplikazio bat sortu dute Alzheimerren gaixotasuna dutenak ariketen bidez estimulatzeko, eta, hala, haien narriadura kognitiboa mantsotzeko. Aplikazioa tabletetarako egokitu dute, erabiltzeko errazagoa izan dadin, eta doan eskuratu daiteke www.alze.es webgunean.

Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak irakasgaian egin dute lan hori ikasleek, eta Eduardo Magaña Lizarrondo NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko irakasleak gainbegiratu du. Alzheimerra duten gaixoen senitartekoen elkarte batek ere lagundu die, edukiei buruzko aholkuak emanez.

Lau lan-esparru

Aplikazioak ariketa-mota bat baino gehiago du, azpikategoriatan sailkatuta. Lau esparru lantzen dira: ahozko ulermena, oroimena, erabakiak hartzea eta entzumena eta ikusmena estimulatzea. Ariketetan, besteak beste, antonimoak erlazionatu behar dira, eta pertsona publikoak irudien bidez edo musika-instrumentuak soinuen bidez identifikatu. Tresna honekin, zaintzaileek aukera dute gaixoek zer ariketa egin behar duten hautatzeko, bai eta gaixoentzako ariketa pertsonalizatuak sortzeko ere, senitartekoen eta lagunen argazkiak ere erabil baitaitezke.

zoomAplikazioaren ikuspegia, tabletetarako egokitua.

Aplikazioaren ikuspegia, tabletetarako egokitua.

Ariketen emaitzak gorde egiten dira, eta, hala, asmatutako eta huts egindako erantzunen estatistikak egiazta ditzakete zaintzaileek, eta gaixoak nolako bilakaera izan duen jakin. Horrez gainera, aplikazioak aukera ematen du txostenak, gaixoak emandako erantzun okerrak biltzen dituztenak, PDF formatuan deskargatzeko.

"Proiektuaren hasierako xedea da tratamendurik jasotzen ez duten gaixoen etxeetara heltzea. Gaur egun, alzheimerra duten gaixoen % 10 daude egoera horretan", dio Eduardo Magañak. "Hala ere, profesionalen lana osatzea da aplikazioaren helburu nagusia, eta, beraz, alzheimerra duten gaixoen tratamenduan espezializatutako zentroetan ere erabil daiteke".

Aplikazioan interesa dutenek proiektuaren webgunean dagoen demo batean ikus dezakete aplikazioak nola funtzionatzen duen, eta, aplikazioa erabili nahi izanez gero, doan erregistratu besterik ez dute egin behar.