• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

Hezkuntza bereziko ikasleen motibazioa hobetu egiten da keinuak erabiltzen badituzte programa informatikoekin interakzioa izateko

Benoît Bossavitek NUPen irakurritako tesiak teklatu eta sagurik behar ez duten interfazeen ahalmen pedagogikoa aztertzen du

zoomBenoît Bossavit frantziar informatikaria, NUPeko doktore berria.

Benoît Bossavit frantziar informatikaria, NUPeko doktore berria.

Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen motibazioa eta inplikazioa hobetu egiten da sagua edo teklatua bezalako gailuak baliatu ordez gorputzaren keinuzko mugimenduak baliatzen dituen ikaskuntzan, programa informatiko pedagogikoekin interakzioa dutenean. Hori egiaztatu du Benoît Bossavit (Libreville, Gabon, 1984) informatikari frantsesak bere doktoretza tesian. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du, eta erabiltzaile-interfaze naturalen (ingelesez NUI) ahalmen pedagogikoa aztertu du.

Sagua edo teklatua bezalako gailuak baliatu ordez gorputzaren keinuzko mugimenduetan oinarritutako programa edo sistema informatikoekin egindako urrutiko interakzioak dira aipatu erabiltzaile-interfaze naturalak.  "Argitaratutako lan gehienek aztergai dute interfaze horien aplikazioa ohiko garapen kognitibo eta mugimendu-garapena duten pertsonekin, eta bigarren maila batean uzten dute interfazeek hezkuntza behar bereziak dituzten haurrengan izan dezaketen eragina aztertzea", esan du Benoît Bossavitek.

Alfredo Pina Calafi Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko irakasleak zuzendu du bere tesia, eta aztergai izan du hipotesi bat, zeinaren arabera interfaze horiek hezkuntza behar bereziak dituzten haurren ikaskuntza lagun baitezakete. “Xede horrekin, Microsoft® Kinect bideo joko kontrolagailuarekin interakzioa izateko bi teknika diseinatu nituen. Kontrolagailu hori Xbox 360 bideo kontsolarako eta ordeinagailuetarako da —azaldu du Bossavitek. Bere tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du—. Alde batetik, Body Menu izeneko interfaze bat. Ikonoak gorputzarekin lotu eta haiek aukeratzea ahalbidetzen du dagozkion gorputz-atalak ukituz. Bestalde, Crank Handle deritzana. Esku batez 3Dko objektu birtualak erabiltzeko aukera ematen du, eta elementu horiek orientatzeko biraderak biratzearen metaforan oinarritzen da. Bi teknika horiek hezkuntza tresna jakin batzuetan integratu zituzten, zeinen erabilgarritasun pedagogikoa hiru azterketen bidez ebaluatu baitzen”.

Iruñea eta Ingalaterra

Aipatu azterketak ikastetxe hauetan egin ziren: Andrés Muñoz Garde Iruñeko Hezkuntza Bereziko Ikastetxe Publikoan, non ikasleek bai desgaitasun kognitiboak, bai mugimendu desgaitasunak baitituzte; New Forest School-en (Ingalaterran, Erresuma Batuan, hegoaldean dagoen izen bereko herrikoa), funtzionamendu kognitibo handiko autismoa duten nerabeentzako ikastetxe espezializatu batean; eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako Nafarroako hiru ikastetxetan (Barañaingo Bigarren Hezkuntzako Institutua, Zizur Nagusiko Camino de Santiago Ikastetxe Publikoa eta Iruñeko Calasanz-Escolapios Ikastetxea), Altzuzako Oteiza Museoarekin elkarlanean. NUPeko Irakasletzako ikasleek ere parte hartu zuten ebaluazio honetan.

Bere tesiaren ondorioen arabera, “erabiltzaile-interfaze naturalek parte-hartzaileen motibazioa eta inplikazioa handiagotzen dituzte, baina oraindik ez da frogatu ikaskuntza laguntzen dutenik”. “Horrez gainera, ikastetxeetako irakasleen lankidetza oso garrantzitsua da haur horien behar eta trebetasunetara egoki daitezkeen hezkuntza tresnak diseinatu eta garatzeko”, laburbildu du.

Curriculum laburra

Benoît Bossavitek Informatikako titulua lortu zuen Burdeos 1 Unibertsitatean (Frantzia), eta han egin zuen, halaber, Sintesi Irudietako eta Errealitate Birtualeko Masterra. Gero, hiru urtean lan egin zuen ingeniari elkartu gisa INRIA  ikerketa zentroan (Informatika eta Automatikako Ikerketarako Institutu Nazionala frantsesez), Burdeos-Sur Oesteko bere unitatean, eta horri esker zenbait ikerketa-proiektutan parte hartzeko aukera izan zuen. Esperientzia hori dela bide hasi zuen bere doktoretza-tesia NUPen.

Benoît Bossavitek bi argitalpen ditu nazioarteko aldizkarietan, hamalau artikulu eta ponentzia nazioarteko biltzarretan, liburu bateko kapitulua eta nazioarteko patente bat. Horrez gainera, informatikarekin lotutako eskolak eman ditu NUPen, UHUN-en eta Hondurasko Unibertsitate Teknologikoan.