• ES
  • EU
  • EN


[Kultura]

NUP-ek hamahiru kultura-ikastaro eskainiko ditu udaberriko seihilekoan, bederatzi Iruñean eta lau Tuteran

Matrikula hilaren 9an hasiko da unibertsitateko komunitateko kideentzat, eta 23an ikasle ohientzat eta erakundetik kanpoko pertsonentzat

zoomSukaldaritza-ikastaro bateko irudia

Sukaldaritza-ikastaro bateko irudia

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hamahiru kultura-ikastaro eskainiko ditu 2016-2017 ikasturteko bigarren seihilekoan. Horietatik bederatzi Iruñeko campusean egingo dira eta lau Tuterako campusean. Matrikula egiteko epea datorren urtarrilaren 9an irekiko da unibertsitateko komunitateko kideentzat, eta ikasle ohi eta adiskideek, A3U programan izena emandakoek eta unibertsitatekoak ez direnek hilaren 23tik aurrera emango dute izena, tokirik baldin badago, betiere.

Eskaintzaren barruan zenbait gai lantzen duten monografikoak daude, hala nola artea, komunikazioa, argazkigintza, zientzia eta gastronomia. Berritasun moduan “Ibilbideak Nafarroako ondare geologikotik barna” ikastaroa eskainiko da. Hala, hiru irtenaldi egingo dira Iruñerrira, eta karstaren ibilbidea (Aralar eta Andia mendilerroak) eta Pirinioetako mendiak (Longida, Ledea eta Alaitz mendilerroa) ezagutzeko aukera izango da. Horrez gain, berriz ekingo zaio lehenengo seihilekoan abiarazitako “Garagardo Lantegia” ikastaroari, edari horren prestaketa-prozesua eta, dastamen-saioen bidez, mota bakoitzaren kalitatearen ezaugarriak ezagutu ahal izateko.

Lantegiei dagokienez, doakoak izango dira “Argazki-kamera digitalak erabiltzea” eta “Argazkiei ukituak egitea photoshoparen bidez”, baita Irakurketa Kluba eta Eztabaida Kluba ere, eta aukera egongo da bigarren seihileko honetan horietara batzeko. Iruñeko eskaintza osatzeko, “Jendaurrean hitz egitea” ikastaroa antolatu da (oinarrizkoa nahiz aurreratua).

Tuterako campusari dagokionez, ikastaro hauek daude programatuta: “Arte Garaikidearen gakoak”, “Landareen mundua”, “Funtsezkoa... ez da begiz ikusten” eta “Jakintzaren maisuak, bizitzaren ikasleak. Ezagutzaren jatorriak: mitotik errealitatera” (udazkenean hasitako ikastaroaren jarraipena).

Matrikula eta kredituen aitorpena

Matrikula Interneten bidez egingo da Kultura Jardueren web-aren helbidean  edo Iruñeko campusean (Kultura Jardueren Bulegoa, Ikasgelategiko 019. gela) eta Tuterako campusean (Argibide Bulegoa), bertara joanda.

Ikastaroak eta kultura-jarduerak egiteagatik kredituak emango zaizkie ikasleei, eta beren espedientean jasoko dira. Gehienez ere sei kreditu erdietsiko dituzte jarduera horiengatik graduko ikasketa-plan osoan.