• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

Narrazioa eta musika uztartzeak "artelan" bihurtzen du Izarretako Gerra saga, NUP-en irakurritako tesi baten arabera

Juan Urdániz Escolano musikologo eta pianistaren iritziz, bi elementu horiek elkarrekin jarduten dute sagaren lehen sei filmetan esanahi dramatikoa indartzeko

zoomJuan Urdániz Escolano, NUPeko doktore berria

Juan Urdániz Escolano, NUPeko doktore berria

Izarretako Gerra sagako lehen sei filmek "unitate organikoa" lortzen dute "narrazioak eta musikak, elkarrekin jardunez, esanahi dramatikoa ezagutarazten eta indartzen baitute". Hori dela eta, "artelantzat" jo daiteke saga zinematografikoa. Ondorio hori atera du Juan Urdániz Escolanok (1977an Zaragozan jaioak eta jatorriz Iruñekoak) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Juan Urdániz Escolano Pianoko eta Ganbera Musikako goi-mailako tituluduna eta Musikologian lizentziaduna da. Izarretako Gerra sagaren jatorrizko soinu-banda hartu du tesiaren aztergaitzat, George Lucas zinemagileak sortutako filmetarako John Williamsek konposatutako soinu-banda, alegia. Marcos Andrés Vierge Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea izan da tesi-zuzendaria.

Juan Urdánizen aburuz, desberdintasun estetikoak eta kontzeptualak daude trilogia klasikoaren eta prekuela-trilogiaren artean. Trilogia klasikoa IV.etik VI.era arteko atalek osatzen dute: Izarretako gerra: itxaropen berria (1977), Inperioaren kontraerasoa (1980) eta Jedi zaldunaren itzulera (1983) filmek; prekuela-trilogia, aldiz, I.tik III.erako atalek: Mamu mehatxua (1999), Klonen erasoa (2002) eta Sitharren Mendekua (2005) filmek.

"Garai bateko filmetako istorioek 'heroiaren bidaia' izaten zuten oinarri, garai bateko eta besteko zibilizazioen kontakizunek izaten zuten eskema narratiboa, alegia" —dio NUPeko doktore berriak—. Protagonistak, Lukek, ikaste-prozesu bat, bere burua ezagutzeko prozesu bat, pasatzen du, heldutasunera heldu arte. Azkenik, gaizkia garaitu eta aita salbatzea lortzen du, ez indarkeriaz, baizik eta seme-maitasunaz baliatuz eta ontasunean fedea izanez. George Lucasek Hollywoodeko zinema klasikoaren eskemari jarraituz islatzen du hori: hiru ekitalditan, eta tradizioz oso argi definitutako une klimatiko eta egiturazko batzuekin".

Aitzitik, Urdánizen ustez, film berrien istorioaren oinarria "greziar tragediaren eskema da. Anakin protagonistak zori ona galtzen duela irudikatzen du eskema horrek, berekoia delako eta agintzeko irrika duelako deabruarekin itun tipikoa egiten duenean. Ez du lortuko nahi duena, eta, ez hori bakarrik, nortasuna galdu ere egingo du, Darth Vader, gaizkiaren zerbitzari, bihurtuko baita. Filmaren zuzendariak askoz modu konplexuagoan eta askatasun handiagoz antolatzen ditu eszenak eta sekuentziak, ekintza-maila eta nabarmentasun diferenteko azpiataletan, zeinek gertaera oso garrantzitsu baterantz eramaten baitute ekintza", ondorioztatu du tesiaren egileak.

Musikatze diferentea

Tesiaren arabera, musikatze-prozesu diferentea egin zuen John Williamsek trilogia batekin eta bestearekin, eta, horri esker, erabat bat datoz narrazioaren eta musikaren egiturak.

Lehen trilogian, istorioaren ekitaldikako zatiketari jarraitzen dio pertsonaiei lotutako konposizio musikalen eta bariazioen ordenak", dio Juan Urdánizek. 'Leitmotivean oinarritutako forma handia' izeneko estiloari segitzen dio. Hollywoodeko zinema klasikoko filmetan, 30eko hamarkadatik 50ekorainoko filmetan, pertsonaia batzuei lotutako konposizio musikalen bariazioa erabiltzen zen testuingurua aldatu zela adierazteko, eta hasierako material errepikaria berrezartzen zen sakabanatzea saihesteko".

Sagaren lehen hiru filmetan, konposizioen kokapena "bat dator sonata klasiko deritzon tradiziozko forma musikalaren hiru mugimenduetako bakoitzak duen ordenarekin. Lehenik, erakutsi egiten dira konposizioak, eta, gero, garatu edo aldatu egiten dira nolabaiteko diferentzia-mailarekin. Ordena horren funtsa Lukeren konposizio musikalaren eta bilauen konposizioen arteko aurkakotasuna da bereziki. Bestalde, konposizio musikaletan, nabarmentzekoa da 'Martxa inperiala", dio musikologoak.

Poema sinfoniko-erromantikoa

Trilogia modernoan, aldiz, "musikaren ordenak 'saio musikaletan oinarritutako formaren' kontzeptuari jarraitzen dio, 1915 inguruan zinema mutuan erabiltzen zen kontzeptuari, alegia. Musika-pieza garrantzitsuenak filmeko une klimatikoekin batean azaltzen ziren —dio Juan Urdánizek—. Tarteka, konposizio musikal nagusi bati edo gehiagori egiten zitzaion aipamena, eta, gainerakoa, garrantzi txikiagoko sekzioekin betetzen zen. Musikaren antolamendu hori, kanpoko narrazio-plan baten araberakoa, 'poema sinfoniko-erromantikoari' dagokio. Gainera, konposizio musikalak ez dira hasieran osorik azaltzen; aitzitik, partzialki edo bertsio sinplifikatuan azaltzen dira lehenbizikoz. Larritasun dramatiko handieneko uneetan, hedatu edo konbinatu egiten dira, edo, bestela, garrantzi handiko material musikal berria sartzen da".

Sagari istorioaren kronologia-ordenan begiratzen badiogu filmak egin ziren ordenari beharrean, hau da, sagaren I., II., III., IV., V. eta VI. atalen hurrenkerari eta ez IV., V., VI., I., II. eta III. atalen hurrenkerari, paradigma-aldaketa egiazta dezakegu, tesiaren egilearen arabera. "Poema sinfonikoko segmentazio musikalaren atzetik sonata formaren interkonexio landua dator. Hala, ordenaren bidez, kaosa zuzentzen da. Horregatik guztiagatik, John Williamsek filmaren eraikuntzan parte hartzen du; izan ere, maila bisualean irudikatutakoa errepikatze hutsetik askoz harago doa, soinu-bandak esanahiaren eraikuntzan parte hartzen baitu", ondorioztatu du Juan Urdánizek.

Curriculum laburra

Juan Urdániz Escolano Pianoko eta Ganbera Musikako goi-mailako tituluduna da Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioan, eta Musikologian lizentziaduna Errioxako Unibertsitatean. NUPeko doktoretza egin baino lehen, Musika Ikerketako Masterra egin zuen unibertsitate horretan bertan. Gaur egun, irakasle ari da Oviedoko Eduardo Martínez Torner Goi Mailako Musika Kontserbatorioan (Asturias).

Pianista gisa, kontzertuak eta errezitaldiak egin ditu solista gisa, ganbera-musikako zenbait taldetan parte hartu du, eta zenbait kantariri eta koruri lagundu dio Espainiako, Frantziako, Herbehereetako eta Erresuma Batuko hirietan. Klabikordioa eta klabezina ere interpretatu ditu solista eta taldekide gisa.

Horretaz gainera, bi film laburren jatorrizko soinu-bandak konposatu ditu, bost opera zuzendu ditu, eta La fede ne’ tradimenti operaren Espainiako estreinaldiaren sustatzaile eta koordinatzailea izan da. Opera hori, izan ere, Nafarroako historiaren egiazko gertaeretan inspiratutako operarik zaharrena da, Attilio Ariostik 1701ean konposatutakoa.