• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Víctor Manuel Catalán Tuterako ingeniariak irabazi du Desgaitasunari buruzko NUP-eko Ikasketa Amaierako Lan Onenaren Saria

Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteak beste bi tituludun saritu ditu accesit banarekin: Nerea Arana eta Sandra Domínguez

zoomSari-banaketa. Ezkerretik eskuinera: Sandra Domínguez Burgués, Víctor Manuel Catalán Galindo eta Nerea Arana Baztán.

Sari-banaketa. Ezkerretik eskuinera: Sandra Domínguez Burgués, Víctor Manuel Catalán Galindo eta Nerea Arana Baztán.

Víctor Manuel Catalán Galindo (Tutela, 1987) Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzan graduatuak irabazi du Desgaitasunari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lan Onenaren Saria. Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteak, NUPeko irakasleek eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileek osatutakoak, antolatzen du lehiaketa, eta aurtengo saridunak tableta elektroniko bat irabazi du sari gisa. Horrez gainera, accesit bana eman die epaimahaiak Nerea Arana Baztáni (Tafalla, 1982) eta Sandra Domínguez Burguési (Madril, 1976). Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin masterra duen tituluduna da lehenengoa, eta Irakasletza Lehen Hezkuntzan gradua bukatu du bigarrenak.

Gaur, 2016ko abenduaren 2an, banatu dituzte sariak, hain zuzen, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren bezperan, NUPeko Arrosadiko campusean. Besteak beste, Eloísa Ramírez Vaquero, Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea, María Luz Sanz Escudero, Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordeko (CERMIN) presidentea, eta Carlos Alonso Vega, Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkartearen presidentea, izan dira sari-banaketan. Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteak antolatzen du lehiaketa, desgaitasunari buruzko ikerketa eta irakaskuntza bultzatzeko eta desgaitasunen arloan esperientzia duen jendea harremanetan jartzeko, behar dutenei laguntzeko eta beren esperientzia transmititzeko.

Iktusa izan dutenentzako gailu bat

Víctor Manuel Catalánen Gradu Amaierako Lana saritzeko erabakian, "proposamen originala dela eta aplikagarritasun handia duela" azpimarratu du epaimahaiak. Zehatz-mehatz, Tuterako ingeniariak diseinatutako gailuak hartutako kalte zerebrala duten pazienteek eskuaren mugimendua berreskura dezaten balio du, nagusiki garuneko hodietako istripuak (iktusak, adibidez) eragindako kaltea izaten dutenek, eta pazienteek modu autonomoan erabiltzen ahal dute. José Ramón Alfaro López Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakasleak zuzendu du lana NUPeko Tuterako campusean, eta eskuko hatzen mugimendua sustatzea du helburu, errehabilitazio iraunkor eta pertsonalizatua lortzeko.

"Iktus arina edo moderatua izan duten paziente gehienek ibiltzeko gaitasuna berreskuratzen dute kanpo-gailuen bidez" —azaldu du Víctor Manuel Catalánek—. "Goiko gorputz-adarretako mugimenduak, aldiz, lesio arina duten pazienteek bakarrik berreskuratzen dituzte, eta haien ehuneko txiki batek, gainera".

Eskua mugitu ahal izateko, Víctor Manuel Catalánek "berak diseinatutako elementu batzuk eta beste osagai komertzial batzuk behar bezala lotu ditu, mihiztadura eta mekanismo batzuk osatzeko. Hala, hatzak angelu jakin batean altxatzeko sekuentzia da gailuak egiten duen mugimendua", esan du makinaren asmatzaileak.

Lagundutako enplegua

Bestalde, Nerea Arana Baztánek Nafarroako Lagundutako Enpleguaren programari esker lan-merkatu arruntean lan egin duten eta desgaitasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea ikertu du, Irene Lapuerta Méndez Gizarte Laneko Saileko irakaslearen zuzendaritzapean.

"Desgaitasuna duten pertsonentzako eta zailtasun bereziak dituztenentzako banan-banako zerbitzuak eman eta ekintzak antolatzen dira programa horretan, lan-merkatu irekiko enpresa arrunt batean lanean hasi, segitu eta mailaz igo daitezen, profesionalen eta beste zenbaiten laguntzaz. Eredu hori, ordea, oraindik ustiatu gabe dago, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren enplegu arrunta bultzatzeko. Nahiz eta zenbait ikerketak frogatzen duten lan-metodologia hori eraginkorra dela kolektibo horri lan-munduan sartzen laguntzeko, gutxi erabiltzen da oraindik Nafarroan, eta erakunde- eta arau-babes txikia dago hura sustatzeko", esan du ikertzaileak. Nerea Aranak, gorago aipatutako masterraz gainera, Enpresa Zientzien Diplomatura ere egin zuen NUPen, bai eta Lanaren Zientzien Lizentzia (Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean) eta Generoko Diziplina-arteko Ikasketen Masterra ere (Madrilgo Unibertsitate Autonomoan).

Ikasketa Amaierako Lana egiteko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren (NEZ), CERMIN batzordearen eta Avanvida enpresaren (Sarrigurengo Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroa kudeatzen duen enpresaren) laguntza jaso du Nerea Arana CERMINeko teknikariak. Nafarroan lagundutako enpleguko proiektuak dituzten erakunde gehienak daude CERMIN plataforman, hala nola Nafarroako Down Sindromea Elkartea, Nafarroako Aspace eta Tasubinsa.

Adimen emozionala

Bestetik, Sandra Domínguez Burguések Lehen Hezkuntzako gela inklusiboetan eskolatuta dauden eta entzumen-urritasuna duten eta ez duten ikasleen adimen emozionalaren garapena ikertu du Gradu Amaierako Lanean. Gaur egun, Nafarroako Gobernuko Lehen Hezkuntzako irakaslea da Sandra Domínguez, Entzumena eta Hizkuntza espezialitatean. Esperanza Bausela Herreras Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslearen zuzendaritzapean egindako ikerketan, Sandra Domínguezek ondorioztatu du badagoela aldea adimen emozionalaren garapenari dagokionez entzumen-urritasuna duten eta ez duten ikasleen artean, eta beharrezkoa dela arlo horretan esku hartzeko programa bat ezartzea, bereziki, entzumen-urritasuna dutenentzat.

"Adimen emozional" izeneko kontzeptuan oinarritu da Sandra Domínguez, hau da, "Emozioak kudeatzeko eta sozialki egokia den moduan ezagutzeko, ulertzeko eta adierazteko gaitasuna, bai eta besteek adierazitako emozioak ezagutzeko, ulertzeko eta haiei egoki erantzuteko gaitasuna ere". Kontzeptu horrek aurrera egin du, "hezkuntza emozional" kontzepturantz lehenik eta "alfabetizazio emozional" kontzepturantz azkenaldian.