• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

Navarrabiomed-en dagoen NUP-eko ikertzaile batek L'Oréal enpresaren eta UNESCO-ren arteko programako bost beketako bat lortu du

Jaione Vallek 15.000 euroko beka bat lortu du heste-traktuko bakterio komunitateen proteina amiloideak aztertzeko

zoomJaione Valle Turrillas ikertzailea, Navarrabiomedeko laborategi batean.

Jaione Valle Turrillas ikertzailea, Navarrabiomedeko laborategi batean.

Jaione Valle Turrillas nafarra Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea da eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Navarrabiomed medikuntza biomedikoko zentro mistoan ikertzen du. Ikertzaileak L´Oreal – UNESCO “For Women in Science” Programako bost beketako bat, 15.000 eurokoa, lortu du. Gaur, irailaren 29an, osteguna, jaso du beka Madrilen. Beka heste-traktuko bakterioek erabiltzen dituzten jokabide amiloideko proteinak aztertzeko ikerketa-proiektua finantzatzeko erabiliko du. Bakterioek proteinak erabiltzen dituzte mikrobio komunitateak sortzeko, zeinak, zientziaren terminologian, biofilmak deitzen baitira. Biofilm horiek bakterio komunitateak dira, gainazalei atxikiak bizi direnak, babesten dituzten polisakaridoen eta proteinen geruza edo matrize batek inguratuta.

Saria jaso duen ikerketak bakterioen amiloide funtzionalak ditu ardatz. "Amiloideak lotu ohi dira sendabiderik ez duten giza-gaixotasun neurodegeneratiboekin, esaterako Alzheimer, Parkinson edo Huntingtonen gaixotasunekin eta 'behi eroen gaitza' bezalako gaixotasun prioiekin, hau da, behien entzefalopatia espongiformearekin —azaldu du Jaione Vallek—. Proteina batek konformazio amiloidea hartzen duenean, kutsakor bihurtzen da, eta lortzen ahal du konformazio normala duten proteinek konformazio amiloidea eduki dezaten. Ematen du eragin hau dela gaixotasun neurodegeneratiboen arrazoia. Hala ere, berriki egindako ikerketek erakutsi dute bakterioek erabiltzen dituztela egitura amiloidea duten elementuak beren komunitateen oinarriak osatzeko eta auzoko bakterioekin elkarrekintzak ezartzeko".

Bere aldetik, heste-traktuko bakterioek sortzen duten biofilma "giza gorputzean gehien egoten direnetako bat da", eta "heste-mikrobiota" izenarekin ezagutu ohi duguna osatzen du. Elkarrekin eta aparatu digestiboko mukosari itsatsita bizi diren aniztasun handiko bakterioek osatzen dute, eta beroriek sortu duten zelulaz kanpoko matrize batek inguratzen ditu. Matrize honen osagaien artean zuntz amiloideak daude, eta horiek dira, zalantzarik gabe, gure organismoan dauden amiloideen iturri nagusiak. "Proiektuaren helburua da heste-mikrobiotan dauden proteina amiloideak identifikatzea eta ezaugarritzea", zertarako eta "sistema gastrointestinalaren homeostasian eta orekan edo alzheimer edo parkinson bezalako patologia neurodegeneratiboak sorrarazteko garaian daukaten balizko zeregina aztertzeko".

Curriculum laburra

Jaione Valle Turrillas (Iruñea, 1977) Biologian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta doktoretza egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Agrobioteknologia Institutuan (IdAB) ikertzaile moduan prestatu eta gero. Institutu hau Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko zentro mistoa da. Vallek NUPeko katedraduna eta gaur egungo Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioko zuzendari Iñigo Lasa Uzcudunek zuzentzen duen ikerketa taldearen barruan egin du bere prestakuntza.

Bi urte t'erdiz, prestakuntza handiagotu zuen Pariseko Pasteur Institutuko Biofilmen Genetikaren Laborategian, Europar Batasuneko Intraeuropean Marie-Curie beka bati esker. Frantziatik itzuli zenean, Ramón y Cajal ikertzailea izan zen Agrobioteknologia Institutuko Mikrobio Biofilmen ikerketa taldean. Gaur den egunean Navarrabiomeden ari da, Mikrobio Patogenesiaren ikerketa taldean.

Zientzialariak ikusgai egitea eta haiei laguntzea

L’Oréal-UNESCO “For Women in Science” Programa 1998an jaio zen, helburu bikoitz batekin: mundu osoko emakumezko ikertzaileen lana ikusgai egitea eta emakume gazteen arteko zientziarako bokazioak sustatzea. Lan hori betetzeko, urtero ematen zaizkie L’Oréal-UNESCO sariak emakumezko bost ikertzaileri beren bikaintasunezko ibilbidearengatik, alde batetik, eta beste alde batetik, emakumezko ikertzaile gazteei bekak ematen zaizkie.

Espainian, programa honetako hamargarren edizioa bizitza-zientziako ikertzaileei zuzendu zaie. Jaione Vallez gain, ikertzaile hauek lortu dute beka:  Azucena Bardají Alonso (Bartzelonako Osasun Globalaren Institutua-ISGlobal eta Hospital Clinic–Bartzelonako Unibertsitatea), Vanesa Esteban Vázquez (Madrilgo Jiménez Díaz  Fundazioa), Anna Laromaine Sagué (Materialen Zientzia Institutua-Bartzelonako CSIC) eta Anna Shnyrova (Euskal Herriko Unibertsitatea).

Hauek izan dira bekak banatu dituen batzorde zientifikoaren kideak: María A. Blasco Marhuenda, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) zuzendaria; Flora de Pablo Dávila, CSCIko Ikerketa Biologikoaren Zentroko (CIB) Zelula eta Molekula Medikuntzaren Saileko ikerketa-irakaslea; Bernat Soria Escoms, Sevillako Biologia Molekularreko Andaluziako Zentroko (CABIMER) Enbor zelulak, Erreprogramazioa eta Zelula bereizketa Saileko ikertzailea; eta María Vallet Regí, Madrilgo Konplutentse Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Kimika Ez-organikoaren katedraduna.