• ES
  • EU
  • EN


2016ko irailaren 16a [Ikerketa]

NUPeko ikertzaileak behatoki irrati-astronomiko bat paratzen hasi dira Arrosadiko campusean

Ekimen honen helburua da zeruko gorputzek jaulkitako irrati-uhinak atzeman ahal izatea irrati-teleskopio baten bidez aztertzeko

zoomIkertzaile batzuk Jerónimo de Ayanz zentroko behatoki irrati-astronomikoan. Ezkerretik eskuinera: José Javier Vesperinas, Abián Bentor Socorro, Patricia Yanguas, Jesús Palacián, Silvia Díaz, Ambrosio Liceaga eta Francisco Falcone.

Ikertzaile batzuk Jerónimo de Ayanz zentroko behatoki irrati-astronomikoan. Ezkerretik eskuinera: José Javier Vesperinas, Abián Bentor Socorro, Patricia Yanguas, Jesús Palacián, Silvia Díaz, Ambrosio Liceaga eta Francisco Falcone.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek abian jarri dute proiektu bat behatoki irrati-astronomiko bat eraiki eta martxan jartzeko Iruñeko Arrosadiko campusean, irrati-teleskopio bat oinarria hartuta. Tresna honek balio du zeruko gorputzek jaulkitako irrati-uhinak atzemateko eta aztertzeko. Gaur irailaren 16an, ostiralean, aurkeztu da ekimen hau Estatuko XXII. Astronomia Biltzarrean, igandera arte Iruñeko Planetarioan egingo baita. Unibertsitateko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) idazkariorde eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasle Silvia Díaz Lucasek komunikazioa aurkeztu du biltzar zientifiko honetan astronomia interesgune duen talde diziplina anitzeko baten izenean.

Argi ikusgarrian irudiak atzematen dituen ohiko teleskopio  batek ez bezala, irrati-teleskopioak irrati-uhinak atzematen ditu. Zeruko gorputz askok irrati-maiztasuneko erradiazioak jaulkitzen dituztenez, erradiazio horiek askoz atzemangarriagoak dira espektro elektromagnetikoaren irrati-eskualdean argi ikusgaiarenenan baino. Erradiazio hauek guztiak aztertzen dituen diziplinak irrati-astronomia du izena. Oso ezaguna ez den astronomiaren adar honi esker, posible da bestela astronomia optikoarekin atzematen ezin diren gorputzak eta egoerak ikustea eta atzematea: adibidez, meteoroak atzematea, galaxien irudiak lortzea, Jupiterren inguruko eztandak entzutea, eguzki-fenomenoak edo aurora boreal batek sortzen duen soinua entzutea.

Irrati-astronomiaren jatorria

Zientzia honen jatorria joan den mendeko hogeita hamargarren urteko hamarkadan kokatu behar da. Orduan, Estatu Batuetako Bell laborategiek Karl Jansky ingeniariari eskatu zioten ozeanoaren itsasbazter batetik besterako komunikazio telefonikoetan interferentziak sortzen ahal zituzten seinaleak ikertzea. Horretarako, Janskyk 14,6 metroko uhin-luzerako seinaleak atzematen ahal zituen antena bat eraiki zuen. Esperimentua egin bitartean, Janskyk deskubritu zuen seinale ezezagun bat zegoela, gure galaxiatik zetorrena, hau da, Esne Bidetik. 1937an, fenomeno hori aztertzeko, beste ingeniari estatubatuar batek, Grote Reber izenekoak, Janskyri lagundu zion ia hamar metroko diametroa zuen antena bat eraikitzen. Deskubritu zuten erradiazio misteriotsu hori ez zetorrela Esne Bidetik bakarrik, Eguzkiaren norabidean ere atzematen zelako.

Irrati-astronomian, seinaleak ongi atzeman ahal izateko, antena handiak edo paraleloan lan egiten duten antena-multzoak erabili behar izaten dira. Irrati-teleskopio gehienek antena paraboliko bat erabiltzen dute uhinak anplifikatzeko.

NUPeko ikertzaileek ez dute oraindik antena paraboliko hori paratu, baina neurriak erregistratu dituzte Unibertsitateko Jerónimo de Ayanz zentroko teilatuan dagoen gainerako ekipamenduarekin: JOVE Irrati antena bat (hau NASAren proiektu bat da, ikasleek eta astronomia zaleek irrati-astronomiaz gehiago jakin dezaten), VHF-HF antena bat (meteoroak atzematen dituena, abuztuko Pertseidak eta antzekoak), eta All Sky kamera bat (astronomian erabiltzen den kamera bat, meteoroak atzematen dituena hura ere). Tresneria honekin lortutako neurriak dira Estatuko XXII. Astronomia Biltzarreko ponentziaren edukia.

"Hau proiektuaren hasiera baino ez da. Helburua da lankidetza-sare bat ezartzea beste unibertsitate batzuekin sistema abian jartzeko eta beharbada antena gehiago paratzeko eta handiagotzeko", esan du Silvia Díaz Lucasek.

Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) sustatzen du proiektu  hau, bilatzen duena irakaskuntza, ikerketa eta dibulgazioa elkarrekin harremanetan jartzea, zenbait eragile inplikatu nahi dituelako, halako moldez non, proiektua garatzean eta betetzean, ez dezatela parte har bakarrik ikertzaileek (ingeniaritza elektriko edo informatikokoak edo telekomunikazio ingeniaritzakoak e.a.), baizik eta ikasleek ere, zeinek etorkizunean beren gradu edo master amaierako lanak proiektuaren alderdi batzuen inguruan egiten ahalko baitituzte.

Proiektuan ari diren kideak

Silvia Diaz irakasleaz gain, beste ikertzaile hauek ere hartzen dute parte proiektuan: Pedro Diéguez Elizondo (Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saila), Francisco Falcone Lanas (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa), Ambrosio Liceaga Elizalde (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa), Jesús Palacián Subiela (Matematika eta Informatika Saila), Rafael Ruiz Feliú (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila), Carlos Sáenz Gamasa (Fisika Saila), Joaquín Sevilla Moróder (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila), Abián Bentor Socorro Leránoz (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila) eta Patricia Yanguas Sayas (Matematika eta Informatika Saila); eta José Javier Vesperinas Oroz teknikaria (Ikerketa Laguntzeko Zerbitzua).