• ES
  • EU
  • EN


2014ko urriaren 09a [Ikastaroak eta hitzaldiak]

Luis Rojas Marcos: "Pertsonen % 95 aski optimistak gara"

Psikiatra eta irakasle entzutetsuak Burillo errektore ohiarekin eta Koldo Martínez medikuarekin batera parte hartu du Laboral Kutxak eta NUPek antolatutako Diálogos/Elkarrizketak zikloan

zoomEzkerretik eskuinera, Rojas Marcos, Kortajarena (moderatzailea), Burillo eta Koldo Martínez

Ezkerretik eskuinera, Rojas Marcos, Kortajarena (moderatzailea), Burillo eta Koldo Martínez

Luis Rojas Marcos mediku psikiatra, New Yorkeko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak hasiera eman zion atzo Iruñean etikari, humanismoari eta zientziari buruzko Diálogos/Elkarrizketak zikloari. Laboral Kutxak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dute zikloa. Baluarten egin zen eta mintzakide izan zituen Pedro Burillo errektore ohia eta Koldo Martínez Urionabarrenetxea Nafarroako Ospitale Eremuko mediku intentsibista eta Bioetikan aditua.

Lehen elkarrizketa honetarako hautatutako gaia izan zen “Optimismoa, osasuna eta gaixotasuna”, eta Luis Rojas Marcos irakasleak, bere burua optimista sinetsitzat daukanak, ez zuen zalantzarik izan sendo baieztatzeko, errealitatean, “pertsonen % 95 aski optimistak garela”, eta hori horrela da arrazoi sinple batengatik, “gure geneetan dator, Darwinek bere teorietan garatu zuen hautespen naturalaren indarra da, kideen gehiengoak sufritzen duen espezie bat ez litzatekeelako ugalduko gurea garatzen den moduan”.

zoomDiálogos/Elkarrizketak zikloaren lehen saioko entzuleria

Diálogos/Elkarrizketak zikloaren lehen saioko entzuleria

Rojas Marcosek onartu zuen gizakiak aurre egin behar izaten diela egoera konplexu eta larriei eta, horren ildotik, aipatu zuen nola garatu den zientzia medikoa, bereziki bizi kalitatearen medikuntza deitzen den arloan, eta nola sorrarazi duen psikologiaren eta psikiatriaren esparruan psikologia positiboa, pertsonei zailtasunak gainditzen laguntzen diena, eta esan zuen, esaterako, Estatu Batuetan milioika dolar inbertitzen direla optimismoa bezalako gaiak ikertzeko.

Rojas Marcos doktorearen iritziei gehitu zitzaizkien NUPeko errektore ohiarena eta Koldo Martínez Urionabarrenetxea mediku intentsibistarena, sentimendu optimistak azaldu baitzituzten baina ikuspegi desberdinetatik. Burillok optimismoaren aldeko apustua egin zuen bizitzan agertu beharreko jarrera gisa, zeren, bere ustez, orokorrean, garai bakoitzean aurkako inguruabarrak dauden arren, “badira argudioak optimista izateko”, eta sentimendu hori hausnarketa eta ikaskuntza prozesuei lotu zien, airean gelditu ziren hainbat galdera eginez bukatzeko: Ikasi ahal da optimista izaten? Nola ikasten da? Nork irakasten digu?

Bestalde, Koldo Martínez osasunaren eta gizarte-desberdintasunen arteko lotura estuari buruz mintzatu zen, “gaur egun den izurrite larrien" moduan agertu zuen, eta optimismoa azaldu zuen Paul Ricoeur filosofoaren petite éthique ideiari lotutako ikuspegi etikotik, hau da, “bizi kalitate ona bilatzeko ariketa bat, gainerakoekin eta gainerakoentzat, justuak diren instituzioetan”.

Pentsamendu eta eztabaida foro bat

zoomLuis Rojas Marcos

Luis Rojas Marcos

"Etikari, Humanismoari eta Zientziari buruzko Elkarrizketak" pentsamendu eta eztabaida foro bat da, gizartean interes handia sorrarazten duten baina foro publikoetan presentzia urria duten gaur egungo gaiei buruz hausnartzera bideratua dagoena. Helburua da eztabaida aberasgarriak sortzea bertaratuen eta hizlarien artean, bertaratuek prestakuntza handiagoko iritzi kontrastatua eratu ahal dezaten.

Aztertzen diren gaiak dira zientziaren muga etikoak, eutanasia, elikadura arloko arriskuak, gazteen heziketa, depresioa, medikuntza XXI. mendean, balioen krisia, azken borondateak, emozioak,heriotza… Izan ere, jende asko kezkatzen duten gaiak dira. Sarritan kezkagarriak diren horrelako gaiak aztertzen jarraitu nahirik, eta gizakiak betidanik erantzun nahi dituen gaiei erantzuteko asmoz aurkeztu da Etikari, Humanismoari eta Zientziari buruzko Elkarrizketak zikloa.

Topaketa berezi hauen lehen partean mintzatzen dira eztabaidatuko diren gai horiei buruz teorizatu duten profesionalak, edo erlazionatutako esperientzien eta bizipenen protagonistak, beren testigantzak jendaurrean azaltzen dituztenak. Parte-hartze horien ondotik, elkarrizketa zabaltzen zaie bertaratutakoei, beren galderak eta iritziak parteka ditzaten.

Proiektu hau Laboral Kutxak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatua sortu zen, urtean zehar hainbat topaketa gauzatzeko borondatearekin, interes orokorreko hainbat gairi buruz hausnartu eta mintzatzeko.