• ES
  • EU
  • EN


2014ko irailaren 09a [Kultura]

NUP Mapamundistak izeneko programan parte hartuko du "Ibilbide populatuak" izeneko erakusketarekin

Erakusketa Sarioko atarian eta Tuterako Campusean egongo da ikusgai azaroaren 7ra arte

zoomArtistak eta Alexandra Baurès erakusketako komisarioa (erdian).

Artistak eta Alexandra Baurès erakusketako komisarioa (erdian).

"Ibilbide populatuak" izeneko erakusketa egingo da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Erakusketa Mapamundistak 2014 ikusizko arteen programan dago. Erakusketa azaroaren 7ra arte egongo da ikusgai Sario eraikineko atarian eta Tuterako Campusean, eta Colectivo Y Peluda, Teresa Sabaté, Kate McLean eta Mikel Cabrerizo dira egileak. NUPek Mapamundistak izeneko programan parte hartzen duen lehenengo aldia da. Iruñean 2007tik aurrera egiten den ikusizko arteen programa bat da, eta lurraldea eta lekualdaketa kontzeptuei buruzkoa da. Erakusketa bihar, asteazkena, irailak 10, inauguratuko da Sario 19:00etan.

Erakusketa astearte honetan aurkeztu dute Arrosadiko Campusean, eta honako hauek parte hartu dute ekitaldian: Eloísa Ramírez NUPeko Unibertsitate Proiekzioko errektoreordea; Fermín Alonso Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzia; Cristina Urdánoz Nafarroako Gobernuaren Kultura Jardueren Zerbitzuko zuzendaria; Maite Roncal Nafarroako Kutxa Fundazioaren Kudeaketa Arlokoa; eta Alexandra Baurès erakusketaren komisarioa. Ekitaldi honetan egileek parte hartu dute, eta aurkezpena egin eta gero, bisita gidatu bat egin da Sario eraikineko erakusketara.

zoomAgintariak eta erakusketaren egileak Sarioko sarreran.

Agintariak eta erakusketaren egileak Sarioko sarreran.

"Ibilbide populatuak" izeneko erakusketak Mapamundistak 2014 izeneko programari hasiera ematen dio, eta erakusketan mapa batzuk marrazten dira: aretoetako hormetan, Colectivo Y Peludak eta Teresa Sabaték in situ egindako esku-hartzeekin; Iruñeko Campusean, Kate McLeanen usainen mapa bat sortzeko proiektu parte-hartzailearekin; eta Tuterako alde zaharrean, Mikel Cabrerizoren jarduerarekin. Colectivo Y Peludaren instalazioa, irudigileek populatutako lurralde baten erliebeko mapa bat da. Tamaina handiko plano horretan 24 etxe txiki zuri daude. Irudigile bakoitzaren jaiolekua, iraganeko bizitza eta gaur egungo bizitza irudikatzen dute.

Teresa Sabatéren mapak artistaren historia pertsonaleko leku propioen bilduma bat dira. Bere lanaren oinarria hiriaren plano turistikoa bada ere, Teresa Sabaték irudia handiagotzen du, hainbat leku nabarmentzen ditu, eta hariaz josten ditu ibilbide anizkunak, egunetan zehar hirian egiten diren ibilbideak.

Kate McLeanek jolas bat proposatzen die NUPen Iruñeko Campusean ibili ohi diren guztiei. Ibili, usaindu eta gogoratzean datza jolasa. Ikerketa kualitatibo bat da, eta zuzeneko hautematearen edo oroitzapenaren bidezko banakako esperientzia da balio duena. Bisitariek paperezko txarteletan idatziko dituzte hautematen dituzten usainak, eta Sarioko atarian dagoen auzoaren mapan jarri behar dituzte. Idatzitakotik abiatuta, artista britainiarrak Unibertsitateko eta bere ingurunetako usainen mapa bat egingo du, eta mapa hori aldatu egingo da asteak igarotzen diren heinean.

zoomBisitari bat erakusketako etxetxo baten barrenean begiratzen.

Bisitari bat erakusketako etxetxo baten barrenean begiratzen.

Bestalde, Mikel Cabrerizok jarduera bat egingo du Tuterako alde zaharrean urriko egun batean. Artista kaleetan zehar ibiliko da ibilbide jakinik gabe eta espazio publikoan parafinazko 40 eskultura txiki jarriko ditu. Eskultura horiek legoekin egindako eraikuntza txiki baten kopia berdin-berdinak dira. Eskultura bakoitza jarri zuen lekuaren argazki-erregistroa eta hiriko mapan daukan kokapena bakarrik gordeko ditu artistak.


Mapen unibertsoa


2014ko edizioaren izenburua "Maparen ondorioak" da, eta mapen unibertsoa aztertu eta gizabanakoek bai lurraldearekin, esperientzia fisikoaren bidez, bai bere irudikapenarekin, mapen esplorazio mental edo birtualaren bidez, duten harremanean jarriko du arreta. Mapetako lurralde mugek pertsonen bizitzetan izan ditzaketen ondorioetan ere jarriko du arreta, eta beste kartografia batzuk proposatuko ditu, subjektiboak, poetikoak edo iraupen gutxikoak.

Mapamundistak 2014 izeneko programak bost erakusketa ditu, eta erakusketa horietan bederatzi artistak parte hartuko dute; esku-hartze bat espazio publikoan; arte bideoaren ziklo berri bat, eta ziklo honetan beste bederatzi artistak parte hartuko dute. Aurreko urteetan bezala, programak egile zinemaren ziklo bat, topaketak artistekin eta haur-helduentzako sormen lantegiak izango ditu. Jarduera programa bat ere emango zaie Iruñeko eta bere inguruneko ikastetxeei.

Proiektuan parte hartuko duten erakusketa gune berriak hauek dira: Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Bel Ordinaire (Pau) eta Image/Imatge (Orthez) Frantziako arte-zentroak. Mapamundistak 2014 programak irailerako eta urrirako jarduera hauek prestatu ditu: "Behatzaile baten oroimena" Amaia Gracia Azquetaren lana Atarrabiako Batanen dago erakusgai; irudi garaikideari buruzko bideo ziklo bat Orthezeko zentroan; "Karla" instalazioa Ibar Hernandorenaren karabana/etxola Pabeko arte garaikideko zentroan ikusgai egongo da urriaren 1etik 11ra bitartean.

Honako erakunde hauek laguntzen dute Mapamundistak programan: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Can Fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Iruñerriko Mankomunitatea Foru Erkidegoan; Rekalde aretoa, Bizkaiko Foru Aldundia eta Institutu Frantsesa, Bizkaian; le Bel Ordinaire e Image/Imatge arte zentroak Pau eta Orthezen (Atlantiar Pirinioak).