• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Unibertsitate Publikoak eta Parlamentuak Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtsa aurkeztu dute

Geografia eta Historia Sailak datu base bat garatu du, denentzat eskuragarri, errepresio frankistari buruzko milaka erreferentzia dituena

zoomEzkerretik eskuinera, Alberto Catalán, Julio Lafuente eta Eloísa Ramírez.

Ezkerretik eskuinera, Alberto Catalán, Julio Lafuente eta Eloísa Ramírez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak astelehen honetan, abenduak 9, aurkeztu dute Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtsa. Datu base bat da, Interneten bidez eskuragarri dagoena, (http://memoria-oroimena.unavarra.es/) eta errepresio frankistari buruzko milaka erreferentzia ditu. NUPeko Geografia eta Historia Sailak garatu du.

1936ko uztaileko estatu kolpetik Francisco Franco diktadorearen heriotzara arte Nafarroan gertatutako errepresioa ikertzeko Dokumentsu Funts baten sorrerarako Parlamentuak 2009an onetsitako erabaki bat dela medio jarri zen abian proiektua. Funtsaren edukiak eta metologia alderdiak zehaztu zirenean, 2011ko azaroaren 30ean, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmena sinatu zuten proiektua garatzeko. 2012aren erdialdetik 2013 amaiera arte, Estatuko dokumentu funtsetan sakabanatutako informazioa biltzen ahalegindu da proiektua.

Datu basearen aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak; Alberto Catalán Higueras Nafarroako Parlamentuko lehendakariak; Eloísa Ramírez Vaquero Unibertsitate Proiekziorako errektoreordeak; eta Emilio Majuelo Gil, Geografia eta Historia Saileko irakasleak eta Dokumentu Funtsaren zuzendari zientifiko-teknikoak.

Funtsa sortzeko ahaleginak sortu du proiektu hau, Recuperando Memoria Berreskuratzen izenekoa. Proiektuaren hastapeneko lehen hilabeteetan gerora web orrialdean agertuko ziren datuak kudeatzeko erabiltzen den programa informatikoaren barne egokitzapenerako lanak egin ziren. Lan hori egin zuen, ikasketen amaierako proiektu baten bidez, Iosu Abaurrea Roldán, Kudeaketa Informatikako Ingeniaritza Teknikoko ikasleak, José Javier Astráin Escola Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko irakaslearen zuzendaritzapean. Halaber, proiekturako zeregin garrantzitsu bat izan da dokumentu funtsak aurkitzea, funtsen informazio erauzketa egiteko eta prozesatzeko. Dozenaka mila dokumentu hustu, aztertu, alderatu eta lotu dituzte eta lan horretan jarraitzen dute eta jarraituko dute. Informazio hori, behar bezala zuzendua, berretsia eta baliozkotua, ikusteko aukera du gizarteak proiektuaren web-orrialdean.

Informazio horren osagarri, funtsa osatzeko lekukotasun garrantzisua eman duten pertsonei egindako elkarrizketetan ateratako informazioa erabili da. Pertsona horien lekukotasuna garrantzi handikoa da lehen mailako ezagutza dutelako, edo beren herriei edo familiei buruzko oroimen historikoaren transmisioagatik. Funts horiez gain, errepresioari buruzko bibliografia guztia hustu behar da, eta bibliografia horretako liburuen artean erreferentziako lanak daude, hala nola “De la esperanza al terror. Navarra 1936”. Liburu hori oso garrantzitsua da Nafarroako herri bakoitzaren historiari eta oroimenari dagokienez, eta ezin konta ahala erreferentzia eta aipamen ditu.

Proiektu hau dinamikoa da eta datu berriak etengabe sartu eta lehendik daudenak zuzentzen dituzte. Proiektua gizarteari zabalik dago datu berri gehiago edo lehendik daudenak zuzentzeko. Modu horretan, urratsez urrats, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtsa sortu nahi da.


Taldea


Emilio Majuelo Gil (zuzendaritza zientifiko-teknikoa) eta Fernando Mendiola Gonzalo (koordinazioa) irakasleek zuzendu eta koordinatu dute Recuperando Memoria Berreskurratzen proiektua. Oroimen historikoan espezializatuak dauden bi historialarik osatzen dute taldea: Gotzon Garmendia Amutxastegi eta Juan Carlos García Funes.

Lan-talde hori osatzen eta babesten du Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle historialariek osatutako Batzorde Zientifiko batek; horrez gain, kanpoko Aholkularitza Batzorde bat dauka, ikerketa honen garapenean aztertu beharreko lanei buruzko orientazioa emateko zeregina dagokiona. NUPeko Batzorde Teknikoa diziplina-anitzekoa da eta kide hauek osatzen dute: Juan Madariaga Orbea (Historia Garaikidea), Francisco Miranda Rubio (Historia Garaikidea), Roldán Jimeno Aranguren (Zuzenbide Publikoa), Joseba de la Torre Campo (Historia eta Erakunde Ekonomikoak) eta José Miguel Lana Berasain (Historia eta Erakunde Ekonomikoak).

Bestalde, kanpoko Aholkularitza Batzordeko kideak hauek dira: Julián Casanova Ruiz (Zaragozako Unibertsitatea), Francisco Espinosa Maestre (Sevillako Unibertsitatea), Lourenzo Fernández Prieto (Santiagoko Unibertsitatea), Conxita Mir i Curcó (Universitat de Lleida) eta Paul Preston, Espainiako Historia Garaikideko katedraduna eta London School of Economics-eko espainiar ikasketetako Centro Cañada Blanch-en zuzendaria.

Recuperando Memoria Berreskurratzen proiektuan parte hartu nahi izan duten hainbat lagunek eta taldek ere beren laguntza eman dute. Zehazki, laguntzaileen artean daude Villafranca-Alesbeseko Oroimen Historikorako Batzordea, Iñaki Alforja, Jaxinto Gómez (VISUALIZA), Andrea Aiape, Mikel Aiape, César Layana, José María Esparza, Mari Jose Oneca Larraz, Francisco Oneca Remón, Petra Irigoyen Bidaurreta, Pilar García Goñi eta María Iturmendi Fernández.


"Errepresio frankista: azterketa bat" jardunaldiak


Dokumentu Funtsarekin batera, Geografia eta Historia Sailak “Errepresio frankista: azterketa bat” izeneko jardunaldiak aurkeztu ditu. Abenduaren 12 eta 13an Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo dira, eta hainbat ikasketa taldetako adituak eta unibertsitate hauetako adituak bilduko ditu: Santiago, Alacant, Bartzelona, Madrilgo Konplutentsea, Rovira i Virgili (Tarragona), Nova de Lisboa eta, jakina, Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Bi egunetan hiru mahai-inguru egingo dira gai hauei buruz: 1. mahaia: Errepresio frankistaren etorkizuneko ikerketa baterako azterketa eta ikuspegiak (1936-1945); 2. mahaia: Azken ekarpenak diktadura garaiko errepresioaren azterketarako (1945-1975); eta 3. mahaia: Etorkizuneko egoera Oroimen Historikoarentzat.