• ES
  • EU
  • EN


2011ko otsailaren 25a [Biltzarrak]

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere ikasketen kalitatearen kudeaketa aztertu du jardunaldi batzuetan

Topaketa martxoaren 2, 3 eta 4an egingo da eta unibertsitateko kideei zuzendua dago

Nafarroako Unibertsitate Publikoak heldu den astean bere ikasketen kalitatearen kudeaketa aztertuko du jardunaldi batzuetan. Eskaintzen diren titulazioak hobetzeko hainbat jarduera eta horien euskarri diren zenbait tresna berritzaile ezagutzera emango dira. Jardunaldiak unibertsitateko kideei zuzenduak daude, eta martxoaren 2, 3 eta 4an egingo dira Sario eraikinean. Topaketa hauetan honako gai hauei buruz eztabaidatuko da: Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemak (KBBS) eta horien aplikazioa NUPen, titulazioen egokitzapena Europako Unibertsitate Eremuan, edo kalitatea kudeatzeko tresnak, esaterako, NireIkasgelategia.

Ikasketen Kalitatearen Kudeaketari buruzko I. Jardunaldien erakunde aurkezpena astelehenean egingo da, martxoaren 2an, goizeko 9:15ean, Jesús María Pintor Borobia Irakaskuntzako errektoreordearen eskutik. Ondoren, Laureano Gómez Vega ANECA Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren Ikasketen eta Erakundeen Ebaluaziorako Unitatekoak honako hitzaldi hau emango du: “Kalitatea bermatzeko barne prozedura. (KBBS): Titulazioen jarraipena egiteko eta horiek egiaztatzeko eta bermatzeko moduak”.

Goizeko saio honen lehen zatiari amaiera emango dio Alfonso Carlosena García Ikerketarako errektoreordeak eta hauxe da emango duen hitzaldia: “Nazioarteko Bikaintasun Campusaren erronkak NUPeko ikasketetan”. Goizeko saioa Santiago Roca Martín Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko Plangintza, Ebaluazio eta Kalitatearen Arloko zuzendariaren hitzaldi batekin eta mahainguru batekin amaituko da. Mahainguruan ikasle batek, irakasle eta ikertzaileen kide batek eta administrazio eta zerbitzuetako langile batek parte hartuko dute. Santiago Rocak emango duen hitzaldiaren izenburua da “Zer da KBSS bat? Zertarako da? Nola ezarri KBBS bat arrakastaz? Irakaskuntzaren, ikerketaren eta zerbitzuen kalitatea”.

Jardunaldi hauen bidez agerian utzi nahi da Nafarroako Unibertsitate Publikoak duen konpromisoa bere jardueren kalitatearekin eta bikaintasunera bideratutako ereduaren jarraipenarekin. Egitaraua hainbat modulutan zatitu da eta, horietan, honako hauek aztertuko dira: Kalitatearen Barne Kudeaketarako Sistema (KBKS) eta haren aplikazioa Nafarroako UNIbertsitate Publikoaren politiketan; eskumenen ebaluazioa; NireIkasgelategiaren erabilera irakaskuntza berrikuntzarako zerbitzu gisa eta kalitatea kudeatzeko tresna gisa; eta titulazioen egokitzapena EUEra.

Jardunaldi hauetako programa osoa helbide honetan kontsultatzeko aukera dago: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos.