• ES
  • EU
  • EN


2012ko abenduaren 21a [Erakundeak]

NUPek Berdintasuneko eta Gizarte Txertaketako Ikerketa Katedra sortu du

Cáritas, Gurutze Gorria, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea eta Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Nagusia dira katedrako partaideak

zoomEzkerretik eskubira: Miguel Laparra, Joaquín Mencos, Ángel Iriarte, Julio Lafuente, Inés García, Ana Campión eta Alfonso Carlosena.

Ezkerretik eskubira: Miguel Laparra, Joaquín Mencos, Ángel Iriarte, Julio Lafuente, Inés García, Ana Campión eta Alfonso Carlosena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Berdintasuneko eta Gizarte Txertaketako Ikerketa Katedra (BGTIK) sortu du. Katedraren helburua da gizarte eta genero desberdintasuna, pobrezia, giza bazterketa, etnien arteko harremanak, immigrazioa eta gizarte txertaketa bezalako gaietan ezagutza sortzea. Katedra honetako partaideak honako hauek izango dira: Iruñea-Tuterako Cáritas Diocesana, Espainiako Gurutze Gorria, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea eta Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Nagusia. Erakunde hauek guztiek Foru Erkidegoko gizarte-sektore baztertuenen aldeko lana egiten dute.

NUPek erakunde hauekin garatuko duen lankidetza hitzarmen baten bidez gauzatu da. Hitzarmena gaur, ostiralean, abenduaren 21ean, izenpetu dute Julio Lafuente errektoreak eta aipatu erakundeetako ordezkari banak. Honako hauek egon dira ekitadian: Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordea, Miguel Laparra Gizarte Lan eta Gizarte Zerbitzuetako irakaslea, Ángel Iriarte Iruñea-uterako Cáritas Diocesaneko zuzendaria, Joaquín Mencos Espainiako Gurutze Gorriko burua, Inés García Pérez Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Nagusiko zuzendaria, eta Ana Campión Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sareko ordezkaria.

zoomHitzarmena izenpetu deneko irudi bat.

Hitzarmena izenpetu deneko irudi bat.

Hitzarmenaren arabera, katedraren helburua da ezagutza berria sortzea, ikerketa proiektuen bidez, egiazko oihartzuna edukitzeko gizarte eztabaidan eta gizarte politikak diseinatzeko eta abian jartzeko garaian. Halaber, katedrak gizarte-desberdintasunen aurka esku hartzeko moduak hobetu nahi ditu, kontuan hartzen diren hiru eremuetan (genero eta gizarte desberdintasuna eta desberdintasun etnikoa).


Aldian behineko txostena eta mintegi iraunkorra


Katedraren bi lan-tresna hauek izango dira, besteak beste: Nafarroako gizarte desberdintasunen dinamikei buruzko aldian behineko txosten bat prestatzea eta zabaltzea, eta mintegi bat eratzea gizarte erakundeekin, eztabaidarako, informazioa trukatzeko eta gizartean esku hartzeko estrategiak prestatzeko.

Katedran egongo diren erakundeak lehen mailako informazio iturri dira Nafarroako gizarte arazoaz denaz bezainbatean, gizarte desberdintasuna pobrezia eta bazterketa sortzen dituzten arrazoien aurkako jardunak bultzatzen dituztelako.

Berdintasuneko eta Gizarte Txertaketako Ikerketa Katedrak bere jardun-eremuarekin loturiko doktoretza tesiak, gradu amaierako proiektuak eta masterrak egitea bultzatuko du, baita gizarte bazterkeriaren aurkako unibertsitate zabalpeneko jardunak ere. Aurreikusitako jardueren artean, honako hauek daude: gizartean esku hartzearen profesionalak prestatzea, biltzarrak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea, eta antzeko jardunak egiten dituzten unibertsitateekiko truke-harremanak bultzatzea.

Batzorde askotariko batek onartu beharko du jardunari buruzko urteroko txostena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko lau ordezkarik eta katedran dauden erakunde guztien ordezkari banak osatuko dute batzorde hori. Batzorde hori arduratuko da katedrako zuzendaria proposatzeaz eta izendatzeaz.