• ES
  • EU
  • EN


2012ko abenduaren 27a [Argitalpenak]

NUPek "Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro" delakoaren bigarren liburukia argitaratu du

Ángel García-Sanz historia garaikideko katedradunak egin du liburua, eta 400 pertsonaren baino gehiagoren ibilbidea dakar

zoomÁngel García-Sanz

Ángel García-Sanz

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” delakoaren bigarren liburukia argitaratu du. Ángel García-Sanz Marcotegui historia garaikideko katedradunak egin du liburua, eta ideologia honekin hala edo nola lotuta egon ziren 400 pertsonaren baino gehiagoren ibilbidea dakar. Liburu hau Historia bildumako 31. alea da, eta 20 eurotan dago salgai.

Bigarren liburukiaren berrikuntza nabarmena da egileak ez dituela aintzat hartu bakarrik Nafarroakoak ziren pertsonak baizik eta aintzat hartu dituela, baita ere, Foru Erkidegora Espainiako beste hainbat tokitatik etorri zirenak. Gainera, eremu lokaleko eta profil apaleko sozialistak eta sinpatizanteak ere aipatzen dira. "Egia da irizpidea eztabaidagarria dela, baina ez dirudi dagoenik irmoagoa den beste bat, gizartearen zati honen jatorria, jokabideak eta gorabeherak ezagutzeko, Nafarroa garaikidearen ikerketetatik kanpo egon direnak, gainera, beste gai batzuk lehenetsi direlako", idatzi du liburuaren sarreran Ángel García Sanzek, NUPen egindako ekitaldi batean abenduaren 27an, ostegunean, liburua aurkeztu duenean.

“Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” delakoaren lehen liburukia 2007an argitaratu zen. Liburuaren helburua zen Nafarroako sozialismoaren garapena ezagutzera ematea, probintziako eta tokian tokiko buruzagien ibilbide aski ezezagunaren bidez. Lehen edizio honetan berrehun nafarren bizitzaren ibilbidea ikusi zen (A-tik f-ra zihoazen deiturekin), denak sozialistak izandakoak edo, uneren batean, sozialismotik gertu ibilitakoak.

Bigarren liburuki honetan sarrera-kopurua bikoiztu da, bakarrik lehen deitura G edo H letratik hasten den 429 pertsonekin. Egitura lehen liburukiak zeukanaren oso antzekoa da. Ángel García-Sanzek uneren batean sozialismoari atxiki edo ideologia honetatik gertu izan ziren guztien biografia deskribatzen du, kontuan hartu gabe lehen edo geroko ibilbidea. Fitxa bakoitzak bizitzaren mugarri garrantzizkoenak biltzen ditu (jaiotza, ezkontza eta heriotza, ezagutzen denean), lanbidea, karguak eta idazkiak, halakorik badago, arazoak, ideiak eta abar ezagutarazteko asmoz.

Lehen mailako iturririk ez

Lehen liburukiaren kasuan bezala, topatu duen arazorik handiena izan da ez dagoela lehen mailako iturririk gaia ikertzeko. Falta hau ohikoa da langileen erakundeei dagokienez. Hala ere, egileak "sakabanatua" dela aitortzen duen moduan, informazioa bildu da zenbait talderen inguruan: abokatuen talde txikia (Salvador Goñi Urriza eta Matilde Huici Navaz), irakasleen taldea (Manuel García Sesma edo Julio Huici Miranda) eta maisuak (Martín Gil Istúriz eta Leandro Hualde Armendáriz). Denak ezagunak izan ziren probintzia osoan, are nazioan ere, eta aldizkako argitalpen zenbaitetan argitaratu zuten.

Aitzitik, PSOE eta UGT bezalako erakundeen barne-agirien falta ia erabatekoa denez gero, ez dago informaziorik nekazariei, fabrikako langileei eta enplegatuei buruz, beren jatorrizko herrietatik edo bizi ziren herrietatik aparte oso ezagunak ez zirenak. Horregatik, fitxetan, batzuetan, erakunde hauekiko atxikimendua edo zaletasuna baizik ez da jasotzen.

Hala ere, Ángel García-Sanzen ikerketak balio izan du baieztatzeko profesio liberaletan aritzen ez zirenen ehuneko handi batek prentsa sozialistan idazte zuela. Batez ere “¡¡Trabajadores!!” aldizkariko “Nuestros pueblos” atalean. Aldizkari hau Nafarroako UGTren eledun ofiziala izan zen Bigarren Errepublikaren garaian, eta han isurtzen zituzten beren kezkak.
Egileak aitortzen du, azkenik, lana egiteak "arazo ugari" ekarri dituela, baina baieztatzen du, finean, PSOEk eta UGTk Nafarroan eduki zuten presentzia, XX. mendearen erdi aldera arte industrializatu ez ziren probintzietakoa bezalakoa izan zela.

Ikerketa lana

Garcia-Sanzen ikerketa-laneko ardatz nagusia Nafarroako eta Euskal Herriko historia izan da. Hogeita hamar bat liburu idatzi ditu gai honi buruz -horietako hiru lankidetzan-, eta beste hiru argitalpen koordinatu ditu. Era berean, berrogeita hamarren bat artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan eta bederatzi doktoretza tesi zuzendu ditu.

Ángel García-Sanz Rosarioko (Argentina) Unibertsitate Nazionaleko Humanitate eta Arteko Fakultateko Europako Historiaren Ikastegiko akademiko urgazlea da, aipatu Fakultatearen Historia Eskolaren "Anuario" aldizkariko aholkularia, eta Nafarroako Gobernuak sortutako Karlismoari buruzko Dokumentazio-zentroko eta Museoko Batzorde Zientifiko Aholku-emaileko kidea da. Gainera, Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea izan da (1987-1993), eta Demografia Historikoaren Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea (1984-1988).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko historia garaikideko katedraduna da, eta Nafarroako UGTren Urrezko Domina irabazi zuen 2006an, egin duen "aparteko ekarpenarengatik, ezagutzeko Nafarroako mugimendu sindikalaren historia, irakasle, ikertzaile eta idazle bezala", eta 2003an Unibertsitatea-Nafarroako Kutxa Ikerketa Sariaren akzesita lortu zuen, Giza eta Gizarte Zientzien, eta Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloan.