• ES
  • EU
  • EN


2014ko urtarrilaren 22a [Erakundeak]

Unibertsitateak proiektuak hautatzeko epea ireki du, Uniproyecta ekintzailetza lehiaketako VI. edizioan parte hartzeko

Ekimenak aurkezteko epea heldu den otsailaren 27an bukatuko da eta hautatzen den proiektuak aukera dauka irabazteko 15.000 euro saritan

Dokumentazio gehigarria:

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Uniproyecta ekintzailetza lehiaketako VI. edizioan parte hartzeko proiektuak hautatzeko epea ireki du. Lehiaketa hau unibertsitateko ikasleei eta tituludunei zuzentzen zaien ekintzailetzako sari nazionala da, eta bere helburua unibertsitateko komunitatearen ekintzailetza-espiritua piztea da. Ekimenak aurkezteko epea heldu den otsailaren 27an bukatuko da, eta parte hartzen dutenek aukera izango dute bi sari irabazteko. UNIVERSIA Atariko Sariak, enpresa proiektu hoberenari, 10.000 euroko zuzkidura du, eta UNIVERSIA FUNDAZIOA Sariak, desgaitasuna duten pertsonei arreta ematera bideratutako proiektua, 5.000 euroko zuzkidura du.

RUNAE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia eta Universiak antolatzen dute sariketa. Lehiaketaren xedea da unibertsitateko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzea eta enpresaritza espiritua piztea. Kontzertuaren helburua da aitortzea ekimena, berrikuntza, gaitasun ekintzailea, talentua eta enpresarako garapenaren sormena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak deialdiak dakartzan balioespen-irizpideak hobekien betetzen dituen proiektua aukeratuko du, bere unibertsitate-eremuan, lehiaketan parte hartzeko. Ebaluazio-batzordeak gehienez ere proiektu titular bat eta ordezko proiektu bat hautatuko du deialdi orokorrerako.

Lehiaketa enpresa proiektuei zuzenduta dago, ikasleak eta unibertsitateko tituludunak, taldeka edo bakarka, partaide dituzten proiektuei. Izan ere, 2013/2014 ikasturtean NUPen edozein titulazio ofizialetan matrikulatutako ikasle guztiek aukera dute parte hartzeko. Deialdia egiten den ikasturtea baino lehenagoko bi ikasturteetan titulua lortu dutenek ere parte hartzen ahal dute, unibertsitate tituludunen taldekoak direnez gero. Jardunean dauden enpresa proiektuen kasuan, abian jartzeko data eta Jarduera Ekonomikoen Zergan izena emanda egoteko eguna 2013ko irailaren 1aren ostekoa izango da.

Honako hauek izango dira aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko irizpideak: produktu edo/eta zerbitzuaren eta erabilitako teknologiaren berrikuntza-maila; proiektuaren garapen-maila eta enpresa-bideragarritasuna; aniztasuna kudeatzera bideratutako enplegua sortzea; enplegua sortzeko gaitasuna eta enpleguaren kalitatea; errentagarritasuna eta garatzeko eta hazteko ahalmena; nazioartean zabaltzeko ahalmena, inguruko baliabide eskuragarriak baliatzea, ekintzaileen egiazko engaiamenduaren maila, proiektuaren erantzukizun sozial korporatiboa eta jasangarritasuna.

Interesdunek NUPeko erregistro orokorretan aurkeztu beharko dute parte hartzeko eskabidea, Iruñeko edo Tuterako campusetan, otsailaren 27ko 14:30ak baino lehen. Eskabideak Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko Errektoreordetzari zuzenduko zaizkio. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ebaluazio-batzordea martxoaren 4an bilduko da, eta hautaketa-aldi honetako epaia emango du. Web-orrialde honetan daude lehiaketaren oinarriak, oso-osorik: www.uniproyecta.es


NUP, 2012an saritua


Nafarroako Unibertsitate Publikoak unibertsitateen enpresa-proiektu onenari Uniproyecta saria jaso zuen 2012an “Mahei Games, errealitate handiagotuaren eta bideojokoen aplikazioak” izeneko proiektuarekin. Proiektua aurkeztu zuten María Llorente García, artean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako 4. ikasmailako ikasleak, eta Héctor Agustín Lana, Miguel Ángel Llorente García eta Eneko Vélez Yoldi, NUPeko Informatika Ingeniaritzako 5. ikasmailako ikasleek. Mahei Games 2011ko irailean abian jarria zen, eta urte horren amaieran hautatua izan zen Yuzz enpresa talentu azelerazioaren lehiaketan, eta horri esker enpresa prestakuntza eta beren proiektuei buruzko aholkularitza jaso zuten CEIN zentroan.