• ES
  • EU
  • EN


2015ko azaroaren 09a [Ikerketa]

Leyre Azpilicueta ingeniariak metodo berri bat diseinatu du, komunikazio-sistemak optimizatzeko aukera ematen duena

NUPen irakurri duen doktoretza-tesian garatutako teknika hiri adimendunetan, garraio seguruagoetan edo kontsumo txikiagoko sentsoreen sareetan aplika daiteke

zoomLeyre Azpilicueta Fernández de las Heras.

Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras.

Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras (Iruñea, 1984) Telekomunikazio Ingeniaritzako doktoreak metodo berri bat diseinatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretzat tesian. Metodo horrek komunikazio-sistemak optimizatzeko aukera ematen du, eta aplikazioak ditu hiri adimendunetan, garraio seguruagoetan edota kontsumo txikiagoko eta iraupen handiagoko sentsore sareetan.

Hari gabeko komunikazioak erabilera era esponentzialean hazi da azken urteetan, sakelako  telefonoak, lokalizazio sistemak, hiri adimendunak eta abar direla eta. Aplikazio horiek guztiek ezaugarri komun bera daukate: zirkuitu erradioelektroniko bat erabiltzen dute, eta zirkuitu horrek igorgailu bat, hargailu bat eta hedatzeko bitarteko bat (lurreko atmosfera, lurretik kanpoko espazioa...) dauzka. Nolanahi ere, seinale edo uhin elektromagnetikoen transmisioa alda egin daiteke espazio libre bat baldin badago aipatu igorgailuaren eta hargailuaren artean, edo inguruneak oztopo asko baldin baditu, hala nola eraikinak, zuhaitzak edo mendiak.

Seinaleak nola hedatuko diren aurrez esatea funtsezkoa da komunikazio-sistema eraginkorrak diseinatzeko, eta horretarako Leyre Azpilicuetak hedapen ereduak aztertu ditu. Uhin elektromagnetikoen transmisioan parte hartzen duten prozesu fisikoak dira eredu horiek. Transmisio horretan parte hartzen duten mekanismoen konplexutasuna dela-eta, ezinezkoa da zehazki mekanismo horietako bakoitzaren ondorioak kuantifikatzea. Beraz, arrazoizko estimazio bat lortu nahi da, komunikazio-sistema erradioelektronikoen dimentsionatzeko modua emango duena.

Leyre Azpilicuetak, hedapen ereduak sakon aztertu eta gero, metodo berri bat diseinatu du. Metodo horren algoritmoak “emaitza zehatzak lortzen ditu simulazio denbora askoz ere txikiagoekin ingurune konplexuetan”, esan du bere egileak, zeinak Telefomunikazio Ingeniaritza eta Masterra Komunikazioetan egin baitzituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Sentsore-uhin ekonomikoagoak

Bere lanak aplikazio ugari ditu. Esaterako, metodo berriaren bidez esan daiteke zein den konfigurazio hoberena sentsore-sare bat ezartzeko, “ekonomia eta energia kostu txikienarekin eta esku-hartze txikienarekin  komunikazio-sistemetan”, ospitaeetan, landaretza duten inguruneetan, ibilgailuetan, kirol instalazioetan, tuneletan edo leizezuloetan. “Hori garrantzitsua da —esan du Leyre Azpilicuetak—,  sarearen optimizazioaren bidez  kontsumo txikiagoa izango baita komunikazioetan, eta horrela sarearen bizitza luzeagoa, eta, hortaz, kostu ekonomiko eta pertsonala txikiagoa”.

Horretaz gainera, teknika berria erabilgarria da hainbat arlotan, hala nola “e-salud” (edo teknologia berrien apliazioa osasun-eremuan) edo “smart cities”-etan. Lehenengo kasuan, ospitaleetan gaixoak lokalizatzeko eta gidatzeko sistema bat abian jartzeko aukera ematen du; edo, hiri adimendunetan, sentsoreen hari gabeko sareak jartzeko aukera faroletan, halako eran non farolek modu batean edo bestean funtzionatuko baitute, eguraldia eta ingurunea nolakoak diren,  “bizi kalitatea hobetzeko” hirietan.

Garraio adimenduna eta seguruagoa

Garraio sistema adimendunetan ere aplika daiteke metodo berria ibilgailuen arteko (V2V), ibilgailu barruko eta ibilgailutik azpiegiturarako  (V2I) komunikazioen bidez.  “Mota horretako hainbat ingurune aztertu ditu, hala nola auto baten, hegazkin baten edo autobus baten barnealdea, hedapen elektromagnetikoa aztertzeko, bai ingurune horien barruan, bai komunikazioa azpiegiturarekin, eta horrek segurtasuna hobe dezake eta garraioa eraginkorragoa eta iraunkorragoa egin”, esan du Leyre Azpilicuetak, zeinaren doktoretza tesiak bikain “Cum Laude” kalifikazioa, nazioarteko aipamenarekin, erdietsi baitu.

Azkenik, Azpilicuetaren doktoretza-tesian –Francisco Falcone Lanas eta Antonio López Martín irakasleak izan dira tesiaren zuzendariak– aztertutako metodoaren beste aplikazio bat da erradiazio elektromagnetikoek giza gorputzean dituzten ondorioak aztertzea.

Tesiaren izenburua “Characterization of wireless propagation in complex indoor environments” da, eta emaitzak hauek ekarri ditu: 34 artikuluren argitalpena nazioarteko hainbat aldizkaritan, 52 biltzar-txosten nazioarteko biltzarretan eta 20 biltzar-txosten nazio mailako biltzarretan, liburuko hiru kapitulu, hiru sari (IEEE Antennas and Propagation Society Doctoral Research Award eta artikulu hoberenaren saria 1st International Electronic Conference on Sensors and Applications y 6th International IEEE Conference on Information, Intelligence, Systems and Applications-en) eta beka bat (Irakasle eta Ikertzaile Gazteenako Beka Iberoamerikarra 2014, Banco Santanderrek emandakoa).