• ES
  • EU
  • EN


2019ko otsailaren 01a [Kultura]

NUP-ek 14 proposamen aukeratu ditu unibertsitateko komunitateak ikasturte honetan erakundearen kultura-bizitza aberasteko egindakoen artean

Proiektu saridunak literaturaren, zinemaren, artearen eta zientzia-dibulgazioaren arloetako ekimenak dira, eta ikasturte honetan egingo dira

zoomProiektu irabazleetako batzuen ordezkariak. Ezkerretik eskuinera: Paolo Scotton, Rosa Maria Canals, Raquel Sáenz, Carmen Innerarity, Asier Marzo, María Napal, José F. Alenza, Javier Fernández, Esteban Ruiz, Begoña Espoz eta Txema Uribe.

Proiektu irabazleetako batzuen ordezkariak. Ezkerretik eskuinera: Paolo Scotton, Rosa Maria Canals, Raquel Sáenz, Carmen Innerarity, Asier Marzo, María Napal, José F. Alenza, Javier Fernández, Esteban Ruiz, Begoña Espoz eta Txema Uribe.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 14 proposamen hautatu ditu 2019ko Kultura Proiektuen deialdian. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatu du deialdia Kultura eta Kiroletako Unitatearen bidez, eta sariketaren ebazpena joan den urtearen bukaeran eman da ezagutzera. Deialdiaren helburua unibertsitateko komunitatearen (ikasleen, Irakasleen eta Ikertzaileen eta AZLen) ekintzak saritzea da, ikasturte honetan zehar erakundearen bizitza kulturala aberastera eta hura gizartera hurbiltzera bideratutako ekintzak hain zuzen.

Proiektu sarituak, ekimena aurkeztu zuten pertsonak adierazita dituztela, hauek dira:  “Literatura topaketa”, José F. Alenza Garcíarena; “Etorkizuneko ikertzaileak prestatzen: zientzia ekologikoa eta ingurumen zientziaren hastapenak eskolak”, Rosa Maria Canals Tresserrasena; “NUPen radioteleskopioaren inaugurazioa”, Silvia Díaz Lucasena; “Zainketaren irudiak” erakusketa, Esther Ezquerro Rodríguezena; “Zinemako erizaintza” zikloa, Sonia Huarte Lázarorena; “Baztango Santiago Bidea”, Carmen Innerarity Graurena; “Open Space UPNA”, Alberto Labarga Gutierrezena; “Soinua akuilatuta: lebitatzaile akustikoak eta  bozgorailu direkzionalak”, Asier Marzo Pérezena; “Literatura, zinema eta psikologia” zikloa, Amalia Menéndez Fanorena eta Javier Fernández Montalvorena; “Begiratu zientifiko bat inguratzen gaituzten animaliei” erakusketa, María Napal Frailerena; “Desgaitasuna: jakin behar duzuna, egin dezakezuna eta saihestu behar duzuna”, Raquel Sáez Mendíarena; “Zinema eta hezkuntza…Zineman ere ikasten dut!” zikloa eta “Filosofoak ikasgelan”, biak Paolo Scottonenak, eta, azkenik, “Heriotzari buruzko margolanen erakusketa. La mort, digna i il-lustrada”, Txema Uribe Oyarbiderena.

Jarduerak aukeratzeko, horiek zenbait balio sustatzeko duten gaitasuna hartu da kontuan, hala nola sormena, berrikuntza, errespetua, enpatia, aniztasuna, erabilgarritasun publikoa, elkartasuna, berdintasuna, ekitatea, bizitza osasuntsua, iraunkortasuna eta, oro har, ingurunearekiko ardura. Proiektuek zer eduki dituzten eta noiz egingo diren jakin nahi izanez gero, sartu Unibertsitatearen webgunean edo jarri harremanetan Kultura eta Kiroletako Unitatearekin (948 16 84 78 telefonora deituz edo posta elektronikoko helbide honetara idatziz: actividades.culturales@unavarra.es).

Saritutako proiektuetako batzuei buruzko informazio gehiago

Aipatutako proiektuetako zenbait egin izan dira Unibertsitatean aurreko urteetan ere: esaterako, literatura topaketa eta Imágenes del cuidado erakusketa; beste zenbait, aldiz, berriak dira. Hala, esaterako “Soinua akuilatuta” lantegi eta jarduera multzo bat da, “maker” kultura deritzana ezagutaraztera bideratuta dagoena (jakintza espezifikorik gabeko pertsonak, proiektu espezializatuak egiten dituztenak). Zehazki, bozgorailu akustiko bat eta direkzio biko bozgorailu bat sortzeko. Bestalde, “Desgaitasuna” urte bukaeran egingo den ziklo bat da, eta desgaitasuna duten pertsonen eguneroko errealitatea ikus-entzunezko laburren bidez unibertsitateko komunitateari hurbiltzea du xede ; “Literatura, zinema eta psikologia” zikloak hurbilketa bat proposatzen du literaturan eta zineman azaltzen diren nahasmendu psikologikoen mota diferenteetara, “Baztango Santiago Bidea” ekainerako antolatu diren zenbait ibilbidek osatzen dute, eta Baionatik Iruñerako bidea egingo dute Atlantiar Pirinioak zeharkatuz; “Heriotzari buruzko margolanen erakusketa” erakustaldi didaktiko bat da, eta artearen bidez heriotzari buruz gogoeta egitea du xede, eta eskolako adinean dauden haurren zientzia-bokazioak piztea da “Etorkizuneko ikertzaileak prestatzen” proiektuaren xedea.

Hil honetan “Zinema eta hezkuntza” eta “Filosofoak ikasgelan”

Otsailaren 11n hasiko dira jarduerako bi: “Zinema eta hezkuntza” zine-foruma eta “Filosofoak ikasgelan” irakurketa komentatuen zikloa. Lehenengoa, 12:00etatik 15:00etara, Arteak eraikineko Ada Byron aretoan, eta bigarrena 17:30etik 19:30era Unibertsitatearen liburutegiko lehen solairuan. Paolo Scotton irakasleak sustatu ditu bi proiektuak. Bi proiektuak apirilera arte egingo dira, eta Haur Hezkuntzako Irakasle Graduko eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduko ikasleei kreditu bat aitortzeko aukera eskaintzen dute.

Lehenengo jarduera “Unidos para triunfar” filmaren emanaldiarekin hasiko da, eta topagunea izan nahi du hezkuntza osoak prestakuntzan duen garrantziaren kontzientzia hartzeko. Mahai-inguruetan zenbait gai eztabaidatuko ditugu, gai hauei buruz mintzatzeko: hezkuntza, kritika edo konformismo sozial gisa; irakasleen eta ikasleen arteko harremana; heziketa akademikoa eta emozionala; kultura-artekotasuna, integrazioa; generoagatiko diskriminazioa; familia-indarkeria; heriotza, dolua; ingurumeneko hezkuntza. Zikloa NUPeko EDHO•I ikerketa taldeko kideek sustatzen dute (Hezkuntza Holistikoa eta Inklusiboa): Nieves Ledesma Marin, Lucía Pellejero Goñi eta Maider Pérez de Villarreal Zufiaurre, Paolo Scottonez gainera. Zikloari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: edhoi.upna@gmail.com.

Bestalde, “Filosofoak ikasgelan” zikloan, hezkuntzari buruzko testuak komentatuko dira irakaslearen zereginari buruz gogoeta egiteko. Testuak zenbait filosoforenak dira, hala nola Epikuro, Platon edo Aristoteles. Jardueran parte hartzeko, idatzi email bat posta elektronikoko helbide honetara: paolo.scotton@unavarra.es.