• ES
  • EU
  • EN


2013ko irailaren 30a [Ikerketa]

Doktoretza tesi baten arabera %100 berriztagarria izango den horniketa elektrikoa lortzea bideragarria izango litzateke 20 urteko epean Espainian

Santiago Galbete Goyena NUPeko doktoregaiaren ikerketak proposamenaren alderdi tekniko eta ekonomikoak aztertzen ditu.

zoomSantiago Galbete Goyena

Santiago Galbete Goyena

Espainiarako % 100 berriztagarria izango den sistema elektriko bat lortzeko ikuspegi tekniko eta ekonomikotik konponbide bideragarriak bilatzea izan du helburu Santiago Galbete Goyena Industria Ingeniariaren doktoretza-tesiak. Bere ikerketak ondorioztatzen du "sorkuntza berriztagarriko sistema baten garapena inondik ere ez dela ezin onartuzko erronka bat egungo industriarentzat eta 20 urte aski izango liratekeela hori lortzeko".

Bere azterketan, Santiago Galbetek gogorarazten du Espainia penintsularreko energia berriztagarrien ekoizpena, eskari elektrikoarekin alderatuta, % 35ekoa dela gutxi gorabehera. "Gure herrialdea osoa txiroa da baliabide ez-berriztagarrietan, bereziki gas naturala, petrolioa eta uranioa, ia arrastorik ere ez baitugu, baina, aldiz, ahalmen handia dugu eguzki, haize eta ur energian, garapen bidean dauden beste aukera batzuen ahalmena ahaztu gabe. Esaterako mareak, olatuak eta geotermia. Hori dela-eta, bistan da tokiko iturri berriztagarrien sistema bat lortzeko urratsak ematea dela gomendagarriena". Testuinguru honetan, nabarmentzen du erabaki horren industria, gizarte eta ekonomia abantailek "aise gaindituko lituzketela, epe luzean, aldaketa hau egiteko dauden zailtasunak".

Bere doktoretza-tesiak, "Espainian % 100 berriztagarria izango den horniketa bat lortzeko bideragarritasun tekniko-ekonomikoa" izenekoak, gai "Cum laude" kalifikazioa lortu du aho batez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan zuzendu dute Luis Marroyo Ingeniaritza Elektrikoko irakasle titularrak, Oscar Alonso Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailekoak eta Katrin Simon Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle titularrak.

Zehazki, ikerketa honek konponbide multzo bat proposatzen du frogatzeko Espainiak duena bezalako sistema elektriko batek funtziona dezakeela berme guztiekin, modu efizientean eta egungo sistemak dituen kostuekin, iturri berriztagarriak bakarrik erabilita.

Tesi hau egin bitartean, eta Acciona Energiaren eskutik, proiektu honen iritzia jakiteko munduan iturri berriztagarrien arloan gaur-gaurkoenak diren esparruetan, nazioarteko hainbat biltzarretako artikuluak aurkeztu ziren (Valentzia, Amsterdam, Londres, Pekin).


Baliabideen konbinazioa


Bere ikerketa egiten ari zela, Santiago Galbetek matematika ingurune bat prestatu zuen, eredu energetikoak eta ahalik eta informazio erreal gehien erabiltzeko aukera emango zuena, esate baterako, teknologia berriztagarri desberdinen ekoizpeneko ordu serieak hamar urteko aldi batean. Azaltzen duenez, "zailtasun nagusietako bat izan zen estrategia bat garatzea eguzki eta haize baliabideekin energia-ekoizpenean izaten diren aldaketa azkarrak konpentsatzeko. Arazo hori modu eraginkorrean konpontzeko, une jakin batean sobera den energia gordetzeko aukera izatea da, aurrerago baliatzeko". Hori dela-eta, tesiak teknika berriak ere eskaintzen ditu eta energia biltegiratzeko hainbat aukera aztertzen ditu.

Konponbide egokiena, ikuspegi teknikotik, teknologia berriztagarri desberdinen konbinazio bat da. Hala, lurreko haize energiari dagokionez, egungo 22 GW-tik (gigawatt-ak) 48 GW-era igo beharko litzateke. "Egungo airesorgailuen ahalmena kontuan hartuta, igoera horri esker batez beste 200 airesorgailu jarriko lirateke Espainiako probintzia bakoitzean, eta 20 urteko epe bat nahikoa izango litzateke". Eguzki energiari dagokionez, 6 GW-tik 27,5 GW-era igaro beharko litzateke, eta horretarako "baliabideak eta lurra badaude. Kontuan hartuta 2,3 GW konektatu zirela sarera 2008an bakarrik, kalkulatutako ekoizpena lortzeko beharrezkoa den denbora ez litzateke arazo bat izango".

Biomasatik datorren energiari dagokionez, 12 bat GW-ko potentzia beharko litzateke, eta hori ere egingarria litzateke hogei urteko epe batean. Ur energiari dagokionez, nahikoa da dauden zentralak berrindartzea, egungo 14,8 GW-etik 17 GW-era %100 berriztagarria den proposamenean. Ponpatze zentralei dagokienez, egungo 2,7 GW-ri dagoeneko aurreikusiak daudenak gehitzea nahikoa litzateke beharrezkoak diren 6,1 GW-ak lortzeko.

Hogei urte aski izan behar ziren % 100ean energia berriztagarrietatik datorren sistema elektriko bat lortzeko beharrezkoa den potentzia ezartzeko —azaldu du ingeniari honek—. Alabaina, sorkuntza berriztagarria Espainian jasaten ari den lege-eragozpen handiak direla-eta, aukera kontserbadoreago bat proposatu dut tesian eta uste dut ibilbide eroso bat eginez 2050. urte aldera lortuko litzatekeela % 100 berriztagarria den horniketa.


Kostu txikiagoak


% 100 horniketa baterako bideragarritasun teknikoa frogatu eta gero, lan honen helburua ez zen inbertsio-aukeren finantza-bilaketa, baizik eta % 100 berriztagarria den energia-sistema nazional baten bideragarritasun ekonomikoa. Horretarako, eguneratu egin dira produkzio-kostu berriak teknologia berrikuntzetan oinarrituta. Kalkulu honetatik, ondorioak ateratzen dira bai energia berriztagarrietako, bai ohiko energietarako.

LCOE (Leverized cost of energy edo energia kostu normalizatua) da magnitude adierazgarriena nazioartean energiaren kostuen azterketarako. Alde horretatik, egileak adierazi du egungo energia mix-ak produkzio-kostu txikiagoak dituela % 100 berriztagarri batek baino. Alabaina, "bi kostu-motak bateratze bidean duela ikusten da, energia berriztagarrien teknologia bilakaeraren eta energia ez berriztagarrien beste kanpo-eragin batzuek aintzat hartzearen ondorio gisa. Are 2050. urterako egindako estimazioetarako ikusten da energia berriztagarrien kostuak ohiko energienak baino txikiagoak izango direla".

Tesi honetan erabilitako beste metodo bat, aurreko emaitzak baliozkotzen dituena, Inbertsioaren Errentagarritasun Erlatiboaren (IEE) azterketa da. 2050. urterako egindako aurreikuspenek egungo mixak dituenak (% 4.1) baino errentagarritasun tasa handiagoa ezartzen dituzte energia berriztagarrietarako.

% 100 berriztagarri eta egonkorra den sistema bat lortzeko, tesi honetan trantsizio-epe bat proposatzen da, 2050ean % 100 berriztagarria izango den energia-sistema bat lortzeko aukera emango duena.

Santiago Galbete Industria Ingeniaria da Zaragozako Unibertsitatean. Graduondoko ikasketak egin zituen European School of Management and Technology-n (Alemania) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non doktore-titulua lortu baitu. Halaber, Accionaren Executive MBA egin zuen Industria Antolamenduaren Eskolan (Madril). 2004. urtetik aurrera Acciona Energian lan egiten du, bost kontinenteetako (Estatu Batuak, Kanada, Australia, Alemania, India, Korea, Hegoafrika...) parke eoliko eta fotoboltaikoen nazioarteko proiektuen zuzendari gisa.