Joanes Uharte Donibanekoa (~1529 - 1588)

Essame de gl'ingegni de gl'huomini, per apprender le scienze


Ikusi liburua

Joanes Uharte Donibanekoa Nafarroako mediku, filosofo eta idazlea da, 1529an Donibane Garazin sortua, Pirinioez bestaldean dagoen herria, Nafarroa Beherean. Oso gutxi dakigu bere bizitzari buruz. Jaio eta berehala, bere familiak Andaluziara joatea erabaki zuen. Joanes Uhartek medikuntzan doktoretza egin zuen, eta bere bizitzaren zatirik handiena Baezan aritu zen mediku, eta han hil zen 1588. urtean.

Zientzietarako argimenen azterketa liburua Baezan argitaratu zen lehen aldiz, 1575ean. Bere obra bakarra da, eta hari esker egin da ospetsu. Arazoak eduki zituen Inkisizioarekin, eta horregatik edizio erreformatu bat argitaratu behar izan zuen, hil eta gero agertu zena, 1594an.

Joanes Uharte Donibanekoak aurrea hartu zion bere garaiari, metodo zientifikoa proposatu zuelako adimena diagnostikatu eta ebaluatzeko. Bere liburua psikologia diferentzialaren, orientazio profesionalaren edo eugenesiaren aurrekari bat izan zen, eta ekarpen interesgarriak egiten dizkie neurologiari eta pedagogiari; are, Noam Chomskyk aipatu egiten du, hizkuntzalaritza kartesianoaren aurrekaria delakoan. Gainera, bere ideiak antzematen ahal dira Cervantesen Kixote liburuan ("zorrotza" dela esaten du), edo Rousseauren Émile obran.

Bere ideien interesak gaztelaniaren mugak zeharkatu zituen, eta XVI. mendean bertan frantseseko, italierako eta ingeleseko itzulpenak agertu ziren, eta argitalpen ugari agertu ziren Europatik zehar. Ondoren, liburua latinez, nederlanderaz eta alemanez agertuko da.

Gaztelaniazko printze edizioa, 1575ekoa, Italian berehala ezagutu zen, eta balio handia eman zitzaion. Hori dela-eta, Camilo Camillik italierara itzuli zuen, 1582an Venezian agertu zena. Itzulpen honetatik abiatuta hainbat edizio egin ziren XVI. mendean, horien artean aurkezten dugun 1586ko hau. Arrakastatsua gertatu zen Italiatik kanpo ere, horretatik abiaturik ingelesezko lehen itzulpena (1594koa) egin baitzen.

Bildumara itzuli