Charles Pierre Coste D'Arnobat (1732-1803)

Lettres sur le voyage d'Espagne


Ikusi liburua

Charles Pierre Coste D'Arnobat Baionan jaio zen 1732an eta Parisen hil 1803an. Ongi kokatutako familia batekoa zen, eta karrera militarra egiten hasi zen; baina utzi egin zuen, literaturan aritzeko, bakar-bakarrik.

1756. urtean Lettres sur le voyage d´Espagne argitaratu zuen. Obra hau Iruñean argitaratu zela esaten da, baina bibliografian adituak direnek esaten dutenez, inprimategi-zigilua faltsua da, eta obra berez Parisen inprimatu zen. Identifikatu da egilea, azaleko asteriskoen azpian ezkutatua, eta Coste D’Arnobat da. Ez dago jasota Penintsulara bidaiarik egin zuenik, baina bere literatur obraren parte handi bat Espainiarekin lotuta dago.

Obraren testua Iruñean 1752an idatzitako hogei gutunek osatzen dute, "Monsieur" ezezagun bati zuzendurikoak. Egilea, gutun batzuetan, eta sarrera-esaldi baten bidez, aipatu "Monsieur" horrekin harreman bat ezartzen edo gutun-trukaketa adierazten saiatzen da. Gutunek ez dute datarik, baina guztietan bukaeran, hau ageri da: “Pampelune, le…”. Egileak egiten duen "bidaia" Nafarroa barruan da soilik, eta beti "gu"ka ari da, beste norbait berarekin balego bezala, baina sekula ez du esaten beste hori nor den.

Gutunetan Espainiari eta Nafarroari dien gorrotoa adierazten du, Nafarroa omen delako Europako tokirik harroena eta gobernagaitzena, eta garai hartan atzerrian espainiarrei buruz zeuden topiko guztiak agertzen dira. Gainera, iritzia ematen du, baita ere, Elizak duen botere neurrigabeari buruz.

Bildumara itzuli