Alfontso Lopez Corellakoa (~ 1513 - 1584)

De arte cvrativa libri qvatuor


Ikusi liburua

Nahiz eta XVI. mendeko medikurik ospetsuenetakoa izan, oso gutxi dakigu bere bizitzaz. Corellan jaio zen, 1513an ustez, eta Tarazonan hil zen 1584an. Medikuen, eskribauen eta elizgizonen familia batetik zetorren. Bere lan zientifiko gehiena Aragoin egin zuen.

Mediku ospetsua ez ezik, idazle handia ere izan zen. Bere garaiko medikuntzaren kontzeptu asko landu zituen, baita medikuntzarekin zerikusia zuten beste zientzia batzuenak ere.

Alfontso Lopez Corellakoak medikuntzari buruzko ezagutza sakonak zeuzkan, eta hori dela-eta bere garaiari aurrea hartu zion askotan, esaterako zenbait gaixotasunen aurkako botikak aplikatzeko orduan, esaterako sukar tifoidearen aurkakoak. Bere garaian oso erabiliak ziren zenbait terapia erabiltzeari uko egiten zion, absurduak zirela uste zuelako. Oso sinesmen tinkoak zeuzkan, eta horregatik hainbat liskar eduki zuen, ezarritako medikuntza-jardunaren aurka matxinatzen zelako. Egile batzuek uste dute orduko Europako medikurik garrantzizkoenetakoa zela.

De arte curativa libri quatuor Adrian Anbereskoak inprimatu zuen. XVI. mendean, Nafarroako inprimatzaile onenetakoa zen. Obra honetan erabili zituen, lehen aldiz Nafarroan, "heriotzaren dantzaren" inizialak. "T" letra erabiltzen du modu honetan: zutabe bati heltzen dion monje bat da, heriotzak monje-abitutik tira egiten duen bitartean. XVI. mendeko inprimakietan alfabeto hau erabiltzea ohikoa da.

Bildumara itzuli