Thomas Bricot (~1460 - 1516)

Textus abbreviatus in cursum totius logices Aristotelis


Ikusi liburua

Lan hau Aristotelesen logikaren azterketa labur bat da, Thomas Bricotek egina. Apaiz frantziar bat zen, teologian doktorea, Collège des Cholets kolegioko irakaslea, Nôtre Dameko kalonjea, teologia fakultateko dekanoa eta bazituen beste administrazio-kargu batzuk ere fakultate hartan. Jatorrizko obra daukan arren (Tractatus Insolubilium eta Tractatus Obligationum), filosofian egin zuen lanik garrantzizkoena Jean Buridanek (1300-1358) Aristotelesi buruz egin zituen bertsio laburtuen edizioa eta komentarioa izan zen.

Gure Textus abbreviatus in cursum totius logices Aristotelis 1496. urte inguruko inkunable bat da, tipo gotikoduna. Bitxia da kolofoia duelako, non inprimatzaileen izenak ageri baitira (“Leonardo alemano eiusque socio fratri Lupo…” edo Leonardo Hutz eta Lope Sanz), baita inprimatu den tokia ere (“Hoc presens opus Salmantice”). Beste bitxikeria bat da Lope Sanz tipografoa jatorriz nafarra zela, seguru, baina inoiz ez zuela inprimatu Nafarroan. Balio handikoa da, oso zaharra delako eta oso ongi kontserbatuta dagoelako.

Metalezko tipo mugikorrekin inprimatu ziren lehen obra eta agiriei, inprenta asmatu zenetik (1450-1454) 1500. urte arte inprimatutakoei, inkunable izena ematen zaie. Lehen obra inprimatu hauek eskuizkribuen formatua erreproduzitzen dute, eta azalik gabekoak dira, nahiz eta batzuek kolofoiak eduki, inprimatze-datuekin. Inizialak zuriz uzten ziren, edertzaileek apain zitzaten. Testua oso trinkoa da, kapituluen edo lerroaldeen bereizketarik gabea, eta gehienetan puntuazio-zeinurik gabea. Laburdurak gehiegi erabiltzen dira, orri-bazterrak oso zabalak dira eta paper lodia erabiltzen da.

Bildumara itzuli