Jeronimo Xabier (1549 - 1617)


Ikusi liburua

Jeronimo Xabier Beiren (Nafarroa) jaio zen 1549an. San Frantzisko Xabierkoaren iloba eta Martin Azpilikuetaren ahaidea zen. Jesusen Lagundian sartu zen Indiara joateko asmoz.

Eskualde hartan egon zen urteetan persiera hizkuntza ikasi zuen, eta horixe erabili zuen bere ekoizpen literarioan, zeinean toki nabarmena baitu Historia Christi persice conscripta obrak. Obra honetan Kristoren bizitzaz, mirakuluez, heriotzaz eta doktrinaz dihardu. Lau partetan dago banatuta: Kristoren jaiotza eta haurtzaroa, bere mirakuluak eta doktrina, bere pasioa eta heriotza, eta berpizkundea eta zerura igotzea.

NUPen daukagun alea Europan argitaratu zen, eta bitxia bada ere, protestante batek argitaratu zuen, Lodewijk de Dieu izenekoak. Leidengo Officina Elseviriana delakoak inprimatu zuen, latinez eta persieraz, 1639an, eta bere tipografian nabarmentzen da latin-persiera testu paraleloa. Elzeviertarrak inprimatzaile ospetsuen familia batekoak izan ziren, XVI. eta XVII. mendeetan jardun zutenak. Europako inprimategi aktiboenetakoa izan zen. Poltsiko-liburuaren asmatzaileak izan zirela jotzen da.

Izenburuak esaten duen bezala, Lodewiijk de Dieuk berak zuzendu zuen edizio bat da, zeinak hasieran esaten baitu egileak ez ziola orpoz orpo segitu Ebanjelioari, eta bere ustez, gauza faltsu eta zehaztasunik gabeak idatzi zituela. Zuzenketa hauek direla-eta edizio hau 1660ko liburu debekatuen zerrendan jarri zuten.

Bildumara itzuli