Joan Ozkariz (XVI. mendea)

Ordenanças, estatutos y constituciones,… para la Casa, Rector, y Collegiales del Collegio de nuestra Señora dela Assumpcion desta ciudad de Pamplona


Ikusi liburua

Nafarroan bi mende baino gehiago atzeratu zen Trentoko Kontzilioaren araberako seminario bat eratzea. Hori beharrezkoa zen apaizen prestakuntza eskasa hobetzeko, eta halakorik ez zenez, fundazio pribatuak sortu ziren. Jasokundearen Gure Amaren Kolegio hau, Fernando Asiain Gazolatzeko abadeak bere testamentuan laga zuena, 1582an gauzatu zen. Urte hartan argitaratu ziren Ordenantza hauek, kolegioko errektorea izan zen Joan Ozcarizek eginak.

Kolegioa Rúa Chica izeneko karrikan zen (gaurko Sarasate pasealekua, 20), eta 1841. urtera arte martxan egon zen, Kontzilio Seminarioa ireki zenetik hirurogei urte baino gehiago pasatu zirenean.

Jasokundeak hamar apaizgairi ematen zien tokia, ahal zelarik pobreak zirenak, eta lehentasunez fundatzailearen ahaideak. 14 eta 22 urte arteko mutilak ziren; beraz, ez da harritzekoa ikasketei, praktika erlijiosoei, irtenaldiei eta ohiturei buruzko oharrak izatea, ez eta kolegioan emakumerik sartzea debekatua egotea ere: "ama" bat zegoen, "eta hau emakume zaharra izan dadila, berrogeita hamar urte baino gehiagokoa".

Uste izatekoa da ordenantza hauek kolpe bakar batez argitaratu zirela, eta argitaraldi ez oso luze batean. Unibertsitatean daukaguna, itxura denez, dagoen bakarra da, eta zoritxarrez ez dago oso-osorik.

Ordenantza hauek inprimatu zituen Tomas Porralis savoiarra zen jatorriz, eta Iruñeko inprimaketa menderatu zuen XVI. mendeko azken herenean. Gainera, inprimatzearen artea lehen aldiz eraman zuen Tuterara. Bere inprimategia Pellejería kalean zegoen, gaur Jarauta kalea dena.

Bildumara itzuli