Benjamin Tuterakoa (XII. mendea)


Ikusi liburua

Ez dakigu gauza askorik XII. mendearen erdialdean Tuteran jaiotako bidaiari judu honi buruz; Jonas errabinoaren semea zela, historian prestakuntza zeukan gizon bat zela, eta hebreera, arameera, grekoa, latina eta arabiera zekizkiela baizik ez. Hainbat urtez bidaiatu zuen, Tuteratik 1160an atera zenetik Gaztelara 1173an itzuli zen arte. Bere obra garai hartako mediterranear munduaren eta Ekialde Hurbilaren deskribapenik onentzat hartua da. Aldi berean, juduen XII. mendeko historia ezagutzeko ere ezinbestekoa da.

Katalunia, Frantziako hegoaldea, Italia, Grezia, Konstantinopla, Siria, Palestina eta Mesopotamia zeharkatu zituen, eta Bagdaderaino iritsi zen. Itzulerako bidaian Egipto eta Sizilia bisitatu zituen.

Benjamin Tuterakoa Erdi Aroko bidaiari judurik garrantzizkoena izan zen, eta bere oharrak informazio iturri onenak dira garai hartako mediterranear munduko eta Ekialde Hurbileko komunitate juduei buruzko informazioa jasotzeko. Bere balioa zela-eta, bere bidaien errelatoa Europako hizkuntza ia guztietara itzuli zen.

Lehen edizioa Konstantinoplan izan zen 1543an, eta orduz gero Benjamin Tuterakoaren Bidaien liburua hainbat hizkuntzatara itzuli da hebreerazko jatorrizkotik, eta herrialde askotan argitaratu da mendeetan zehar.

Bidaien liburuaren latinezko eta hebreerazko edizio elebidun hau Leidenen (Holanda) inprimatu zen 1633an, bost belaunaldiz negozio aberatsa eduki zuten Elzevirtar ospetsuen inprimategian. Hamabiren tamainako liburuok poltsiko liburuaren aitzindariak dira.

Edizio honetako oso ale gutxi dago mundu osoan.

Bildumara itzuli